Ondarea eta Turismoa
Udala
Herritarra
Agurain On
Agenda
Azkarraga etxea
Kale Nagusiko 79. zenbakian dago, Santa Mariako landaren aurrean.
Mende bateko tartea zuten bi alditan eraiki zen. Lehenengoa XVI. mendearen amaieran edo XVII.aren hasieran hasi zen, iparraldeko lanekin, Diego Garcia de Zuazo y Diaz de Santa Cruzek aginduta eta horregatik agertzen da zati horretan Garcia de Zuazo familiaren ezkutua. XVII. mendearen amaieran etxearen hegoaldea eraikitzeko agindua eman zuten. Eulatetarren ezkutua azaltzen da bertan familia bien arteko loturaren ondorioz. Garcia de Zuazotarren ezkutua (eskuinaldean kokatua) nahiz Eulatetarrena (ezkerraldean) fatxada nagusian daude.
Hala eta guztiz ere, badago beste hipotesi bat eraikuntza hiru alditan bereizten duena: Lehenengoa, hegoaldekoa 1597 baino lehen; bigarrena, hegoaldea iparraldearekin zabaltzekoa 1597-98an; hirugarrena, 1681-82an, orduan berritu baitzen hegoaldea.
Fatxada nagusia ekialderantz orientatua dago eta Kale Nagusira ematen du, atzekoa mendebalderantz Zapatari Kalera ematen duen baratze batekin. Iparraldeko izkinako fatxada itxitura batek mugatzen du eta hegoaldekoa lorategiaren gainean dago.
Etxearen oina ia karratua da eta lau solairu ditu, ganbara barne, isurki bikoitzeko teilatua eta teileria arabiarrarekin. Eraikitzeko erabilitako materialak honakoak dira. Hareharrizko harlanduzko harria, harlangaitzezko harria, zura, adreilua, teileria eta burdina forjatua.
Ekialdeko fatxada nagusia hareharrizko harlanduzko harrizko blokeekin fabrikatu zen, bai eta lorategia Kale Nagusiaren aldetik inguratzen duen horma ere. Harri horretakoak dira baita ere bao eta eskantzuen enkoadratzeak ere. Gainerako aurpegiak harlangaitzezkoak dira, nahiz eta fatxadaren goiko herenean adreilua badagoen.
Fatxada nagusia inpostek bereizitako hiru zati horizontalek osatzen dute. Beheko solairuan eskuinerantz mugitutako erdi-puntuko arkua duen portale bat ikusten da. Lehen solairuak burdin hesia duen leiho txiki bat besterik ez du. Bigarren solairuan lau balkoi daude eta eskuinekoa izkinakoa da. Erdiko hutsunean leiho txiki bat dago eta beste bi hutsuneetan ezkutuak daude. Balkoiak sostengatzen dituzten mentsulak landare-motiboekin dekoratuak daude. Azken solairuan lau leiho laukizuzen daude.
Atzeko fatxadak beheko solairuan ezkerretik eskuinera ondoko hutsuneak ditu: leiho txiki karratu bat, ate zuzen bat eta lehenengoaren antzeko bi leiho. Hurrengo solairuetan bakoitzean lau leiho daude eta txikiagoa zen ganbarakoak dira.
Hegoaldeko fatxada lorategiaren gainean altxatzen da. Beheko solairuan eskuinean portale zuzen bat dago eta ezkerrean burdin hesia duten bi leiho. Lehen solairuan, erdiko hutsunean, zurezko zubi bat eta solairu hori lorategiarekin lotzen duen eskailera bat duen portalea eta alde bakoitzean leiho bat daude. Bigarren solairuak mentsula lauen gainean sostengatutako harrizko plataformak dituzten hiru balkoi ditu. Goiko solairua, adreiluekin fabrikatutakoa eta apaindurarik deigarriena duena da: arkuteria zabala, erdi-puntuko arkuez osatua eta zurezko eskudelak, balaustradak dituzten barroteekin. Gainean hiruki formako hamasei hutsune irekitzen dira launaka bilduta.
Iparraldeko fatxadaren beheko solairuan burdin hesia duen leiho txiki bat bakarrik dago, eta gainerako solairuetan leihoen helburua eskailera argiztatzea da eta barneko eskailerako eskailera-buruetariko batekin bat datorren landare-motiboetako hiru mentsuletan sostengatutako plataforma monolitikoa duen balkoi bat nabarmentzen da.
Zura funtsezko elementua da etxe horren arkitekturan. Horren adibide argia da fatxada nagusiaren koroatzen duen teilatu-hegala, bi gunetan banatua maila desberdinetan, horrekin teilatu-hegal bikoitzeko itxura lortzen da. Habeen buruak boluta bikoitzekin landuak daude eta horien artean botila-formako zurezko zilindroak daude zintzilik. Gainerako fatxaden teilatu-hegalek dekorazio sinpleagoa dute.
Ateetako iltzeek dekorazio-funtzioa dute eta ate nagusian interesgarria da goialdeko gontza, muturrean esku-forma baitu hatz erakuslea luzatuta duela.
Era berean, ate nagusiaren barneko aldea Lautadako ateen zurgintza-lanik onenetarikoa da. Bi atek osatzen dute eta bata bestearen barnean daude, nahiz eta independenteki ireki daitezkeen.
