Ondarea eta Turismoa
Udala
Herritarra
Agurain On
Agenda
Begoña etxea
Kale Nagusiko 25. zenbakian dago eta Antonio Martinez de Oquerrurik eraiki zuen.
Jauregia XVI. mendearen amaieran eta XVII. mendearen hasieran eraiki zen eta Ordoñana, Vicuña eta Lazarragako armak ditu fatxada nagusian, Kale Nagusira ematen duen hartan. Atzeko fatxadak baratze batera ematen du, hegoaldekoa lorategiaren gainean dago eta iparraldekoak Lope de Larrea kantoira ematen du. Kale Nagusira ematen duen lorategiaren hormaren gainean Santa Cruz familiaren ezkutua dago.
Hiribilduko gizon garrantzitsuetariko asko Vicuña familiakoak izan ziren eta horien leinua Oquerruritarrenarekin lotua dago.
Oina laukizuzena da baina ez perfektua, laukizuzenaren alde handienak Kale Nagusirantz estutu egiten baitira. Hiru solairu eta bi isurkiko teilatua ditu. Teileria arabiarra da eta eraikitzeko erabilitako harria harlanduzkoa eta harlagaitzezkoa. Eskudela eta burdin hesiak burdina forjatuarekin eginak dira.
Fatxada nagusian ezkerrerantz mugitutako dobela handiak dituen erdi-puntuko arkua duen portale bat irekitzen da. Atearen eskuinean burdin hesiekin itxitako bi leiho karratu daude. Lehen solairuan, beheko solairuko leihoekin bertikalki bat etorriz, eskuinaldean zurezko eta burdinazko plataforma duen balkoi bat dago eta ezkerrean balkoia duen leiho estu bat. Azken solairuko eskuinaldean leiho bat dago eta ezkerrekoan izkinako balkoiraino luzatzen den eskudela duen balkoia. Bi balkoi horien artean dago ezkutua Ordoñana, Vicuña eta Lazarraga familien armekin.
Fatxadaren ezkerreko aldean, lorategiaren hormaren gainean, zurezko eta beirazko galeria bat azaltzen da, fatxada horren zabalera guztian zehar. Elementu hori XIX. mendearen amaieran gehitu zen. Bigarren solairuan eskuinetik ezkerrera leiho laukizuzen bat eta bi balkoi diren hiru hutsune daude.
Mendebaldeko fatxadak beheko solairuan portale zuzen bat eta bi leiho ditu eta atzeko solairuetan leihoak modu irregularrean banatuak daude.
Atzeko hegoaldeko fatxadan soto bezala erabilitako lurrazpiko pasabide bat dago. Fatxadari atxikitako lehen solairuan lehen aipatutako galeriak jarraitu egiten du eta lorategira ateratzeko ate bat dauka. Bigarren solairuan hiru hutsune daude: izkinetan leihoak eta balkoia erdian, harrizko plataformaduna eta burdinazko eskudelarekin.
Iparraldeko alde bateko fatxadan dobela handietako puntu-erdiko arkuak dituen portalea eta eskuinean burdin hesia duen leiho bat daude.
Zura eraikinaren kanpoaldean oso garrantzitsua den materiala da. Teilatu-hegala, kontraleihoak eta ateak haritz-, pago- eta intxaurrondo-zurezkoak dira. Horretaz gain, iltzeak zurezko ateetan apaindura bezala erabiltzen ziren..
