Ondarea eta Turismoa
Udala
Herritarra
Agurain On
Agenda Behe Erdi Aroa
Iruñako erresumak XII. mendetik aurrera Nafarroako Erresuma izena hartu zuen.
Iruñako erresumak XII. mendetik aurrera Nafarroako Erresuma izena hartu zuen. Piriniar zuzenbidean oinarrituta, eta ez erromatar zuzenbidean, erregea primus inter pares moduan hartzen zuen, hau da, lehenengoa berdinen artean. Hori dela eta, erreinatu ahal izateko, erregeak forua zin egin behar zuen jaunen aurrean, “nosotros que de uno en uno somos tanto como vos y todos juntos más que vos...” zin-eraren bidez. Nafarrek beren erresuma antolatu zuten jaurerri zaharretan oinarriturik. Jaurerriok ez ziren feudalak, baizik eta administratiboak, nahiz eta, zenbait kasutan, antzinako euskal-erromatar jabeen leinuak mantendu ziren. Lurraldea ordezkatze bidez gobernatzen zen, eta praktikan familia bereko kideek karguak hartzen zituzten arren (lautadako kasuan, Gebaratarrek), teorian karguok ez ziren jaraunspenezkoak. Sistema honek nafar estatuaren indarra zein ahuldadea erakusten zituen aldi berean. 1200. urtean gaztelatarrek Nafarroako Erresumako mendebaldea indarrez hartu eta anexionatu egin zuten, erresumen arteko zedarria gaur egun Nafarroa eta Araba arteko muga dagoen tokira mugiaraziz.
Horretarako jaunen laguntza izan zuten, beraien jaurerriak jaraunspenezkoak eta jurisdikziopekoak izateko promesaren truke. Horrela, mendebaldeko nafarren artean feudalismoa ezarri zen, eta hortik aurrera “vascongados” edo “vascos” deitzen hasi zitzaien.
Muga indartzeko, 1256an Alfontso X.ak hiribildu-forua eman zion Aguraini (beste toki batzuetan egin zuen moduan), eta Salvatierra izena eman zion. Harresituriko hiribildu berrian inguruetako jende asko bildu zen.
1336. urtean piriniar erresumaren zintzotasuna beren pribilegioen feudalizatzearekin trukatu zuten jaunen ondorengoek komenigarri iritzi zioten euren jurisdikziopeko eskubideak erregeari emateari (funtsean, justiziagintza eta zerga-bilketa). Horren truke, erregeak erresuma defenditzeko erantzukizunetik askatu, eta hiribilduetan bizitzeko aukera eman zien. Gainera, hiribilduotan ordura arte debekatuta zeukaten zenbait jardueratan aritzeko aukera ere eman zien, merkataritzan, esaterako (jakina, euren antzinako jaurerrietako jabetzari uko egin gabe). Prozesu hau “Borondatezko Ematea” (gaztelaniaz “Voluntaria Entrega”) izenarekin ezagutzen da.
Herri-jaun hauetako batzuk Agurainera joan ziren bizitzera. Horien artean, Luzkandotarrak, hortik aurrera Salvatierra abizena hartu zutenak.
Hala eta guztiz ere, Gaztelak arabarrak beraganatzeko prozesua ez zen samurra izan. 1351. urtean Gebarako jauna zen Beltran Velez de Gebarak bere burua Nafarroako erregearen morroi aldarrikatu zuen. Hori dela eta, Ehun Urteko Gerran, Gebaratarren leinukoak ziren arabar eta gipuzkoar gerlariek borroka egin zuten, 1353 eta 1362 urte bitartean, Nafarroako Carlos II.aren soldaduen alde. Carlos II.a eta Ingalaterrako erregea aliatuak ziren Frantziako erregea zen Carlos V.aren aurka Gaskuñan eta Normandian.
1336an Enrique de Trastamara Kataluniatik penintsulara sartu zen. Hau Pedro I.a Gaztelako erregearen sasiko anaia zen (edo “bastardoa”), eta elkarren lehian aritzen ziren tronua gobernatzeko. Frantzia eta Aragoiko erregeen laguntzaz, Enrique de Trastamarak Kalahorran bere burua errege aldarrikatu zuen; Sevillaraino heldu, eta Pedro I.a kanporatu egin zuen. Hau, Galeseko Eduardok babestuta (Printze Beltza), Akitanian erbesteratu zen.
Printze Beltza, Pedro I.arekin leialak ziren ingelesek, gaskoiek, nafarrek eta gaztelatarrek osaturiko gudaroste bat aginduz, 1367an Nafarroan sartu, Agurainetik igaro, eta Gasteizera ailegatu zen. Gasteiztarrak, zailtasun nabarmenik gabe, nafar subiranotasunera bueltatu ziren. Lurralde hauek babestuta utzita, Kanpezutik Vianara pasatu zen, Logroño konkistatu, eta Navarrete eta Najera artean, bere arerioak zapaldu zituen. Horrela, Pedro I.ak tronua berreskuratu zuen, eta Enriquek Frantziara ihes egin zuen. Nafarroak Gipuzkoako ekialdea, Araba eta Errioxako zati bat (Logroño hiria barne) berreskuratu egin zituen. Gebaratarrek, Enrique de Trastamarak garaile zirudien bitartean beste bandora pasatu zirelarik, orduan Nafarroako Carlos II.a onartu zuten berriro. Hala ere, 1369an Enrique de Trastamarak eta Bertrand du Guesclin frantsesak kontraerasotzean, Pedro I.a garaitu, preso hartu eta hil egin zuten Montielen. Orduan, Beltran Velez de Gebara bere gudarostearekin Agurainen bertaratu zen. Nafar bezala hartua izan zen, baina harresi barruan egonda, goarnizioa menperatu, eta Gaztelako errege usurpatzailearen izenean, hiribildua bereganatu zuen. Nafarroan zituen ondasun guztiak kendu zizkioten arren, Trastamarak Leintz-Gatzagako jaurerri aberatsarekin konpentsatu zuen.
XIV eta XV. mendeak gogorrak izan ziren Agurainen, ez bakarrik gertaera hauengatik, 1343ko izurriteak nahiz Trastamaratarren politikak ere eragin handia izan zuten. Hauen boterea nobleziaren sektore zenbaitetan oinarritzen zen, nobleen arteko liskarrak sortuz. Honek guztiak ezegonkortasuna sortzen zuen. Ondorioetako bat Ahaide Nagusien arteko gerra izan zen. Bandoetako batek (ganboatarren bandoa, oinaztarren kontra borrokatzen zuena) Gebaratarrak zituen buru. Gebaratarren Nafarroaren aldeko jarrera dela eta, Gaztela beti sentitu zen mehatxaturik.
