Ondarea eta Turismoa
Udala
Herritarra
Agurain On
Agenda Beste jauregi batzuk
Udalerrian badira hormetan armarri interesgarriak dituzten honako mehelin jauregi hauek ere.
KALE NAGUSIAN
2.ZK. Ordoñana, Vicuña eta Larrinzar etxea, leinu horietako ezkutuekin. 1856an eraiki zen jada existitzen zen beste etxe baten gainean. Etxe horretatik XVI. mendeko ezkutua mantentzen da. Gaur egun barrutik konpondu dute eta apartamentuak egin dira.
8.ZK. XVII. mende hasieran eraiki zuen Juan Nicolas Lopez de Luzuriagak. Geroago ostatu eta Guardia Zibileko kuartela izan zen. Gaur egun Turismoko informazio bulegoa eta Zabalarte etxea hartzen ditu barne. Hasierako jabeek kendu zuten ezkutua etxea saldu zutenean.
10.ZK. Ochoa de Alaiza familiaren kapare etxea. Ezkutua eta balkoia aberats apaindutako lau mentsulatan ezarrita dago.
15-17-19 ZK. Ordoñana-Vicuña Etxea. XIX. mendearen erdira berreraikita, ezaugarri neoklasikoak ditu. Ezkutua XVII. mendeko estilo barrokokoa da eta Jose Fernandez Vicuña y Garibayk aginduta eraiki zen. Gaur egun musika eskola dago bertan.
21.ZK. XVII. mendean eraiki zen. Gaur egun ezkuturik ez duen arren, Perez de Munaien jabetza izan zela badakigu.
23. ZK. Juan Francisco de Eguino y Lopez de Zuazok, Aguraingo apaiza zenak eraiki zuen Ruiz de Luzuriaga bere ilobentzat. Ezkuturik ez duen arren, eraikuntzaren ezaugarriak eta apaingarriak jauregia zelaren isla dira. Fatxada dobelezko kakoztadurazko arko zuzena da eta balkoien euskarriak irudi antropomorfo eta landareez apaindutako mentsulak dira. Gaur egun landa-etxea da.
27. ZK. Lazarragako etxea. XVII. mendearen hasieran eraikita. Mendebaldeko fatxadan Lazarragarren ezkutua du, eta ziur asko hiribilduko ezkuturik zaharrenetarikoa izango da. Dudarik gabe, sutea baino lehen bertan kokatuta zegoen etxearena zen. Gaur egun ikusten dugun irudia erreformei zor zaio, batez ere XIX. mendean egindakoak.
28-30 ZK. Ocarizen etxea. Jose de Eguinok, Iñiguez de Herediak, Manuela Izaguirrek eta Garcia de Almarzak armarria jarri zuten XIX. mendearen hasieran. Etxeko arkitektura, barrokoko ezaugarriak ditu. Apaingarriei dagokienez, gehien nabarmentzen dena balkoi jarraitua da, azkenengo solairuko fatxada osoa hartzen duelako, ezkutua erdian du eta errementaritza lan garrantzitsua azpimarratzekoa da.
32.ZK. Ez da jauregia. Jabeak, Vidal Sanz-ek 1912an udalerrian zeramika enpresa jarri zuen eta eraikina barruko zeramika apaingarrien aberastasunagatik nabarmentzen da. Azpimarratzekoak dira bainugelan, eskaileretan eta egongeletako azulejuzko apaingarriak.
40.ZK.Santa Cruz edo Eulateko etxea. Juan Diaz de Santa Cruz-ek etxea eraikitzea agindu zuen 1637an. Lehenengo solairuko bi leihoen artean dagoen ezkutuak, Diaz de Santa Cruz, Martinez de Onraita, Garcia de Zuazo eta Perez de Lazarragaren armak darama. Mendebaldeko fatxada Kale Nagusira begira dago eta ekialdekoa Harategi kalera. Azkenengo horretan solairu bat gehiago dago bi kaleen artean dagoen desnibela dela eta. Gaur egungo fatxada XIX. mendean birgaitu zen neoklasizisten egiturari jarraituz.
42.ZK. Martín Ruiz de Luzuriagak 1582. urtean eraiki zuen arren, bere emaztearen Ordoñana-Vicuñaren armak erakusten ditu. Fatxadan bi alde ezberdintzen dira: lehenengo biak harlanduzkoak dira eta azkenengoa adreiluzkoa. Eskuinerantz desbideratuta erdi-puntuko arkuko portalea dago, lehengo solairuan mentsuletan ezarritako balkoia erakusten du.
44.ZK. Ypiñarrietarren etxea, XVI. mende bukaeran eraiki zen eta ez du ezkuturik.
46ZK. XVI. mende bukaeran Prudencia García de Zuazo eta Catalina Ruiz de Arrarainek eraiki zuten. Ezkutuak Zuazo, Lazarraga, Arrarain eta Herediaren armak agertzen ditu. Bigarren solairuan Lazarraga eta Lizarragaren beste ezkutu bi daude, Gregorio Lizarragak, etxearen aurreko jabeak jarritakoak. Lizarraga, San Martín de Ameskoan jaiotako eskultorea da eta XVII.mende hasieran erosi zuen etxea.
61.ZK. XVII. mendean eraiki omen zen sutearen ondoren eta Uriartetarren ezkutu txiki bat agertzen du.
HARATEGI KALEAN
1.ZK. Umezurtz-etxe ohia eta mojen bikarioaren etxea. Balkoiaren ateburuko inskripzioan dioenaren arabera 1787an eraiki zen. Ekialdeko fatxadako ateburuan agertzen diren eta erliebea duten bi giltza gurutaztuek kleroarekiko erlazioa adierazten dute.
Lope de Larrearen kantoiko izkina. ‘Alargunen etxea’ deitutakoa. 1564ko sutean bizirik irautea lortu zuen. Kale nagusira begira dagoen aurrekoaldea XVII. eta XVII. mendeetan birgaitu zuten, beraz, ondare arkitektonikoa Harategi kalera eta Larreako Kantoira begira dagoen fatxadan dago. XIV.mendearen bukaerarako eta XV. mendeko lehenengo urteetan eraiki omen zen eta bere itxuragatik gotor etxea izan zitekeen. Fatxadan gehien nabarmentzen dena arku zorrotzeko portale gotikoa da, alboan gezileihoa du.
6.ZK. Hiltegi ohia. 1568. urtean jada existitzen zen hiltegi bezala. Udal jabetza zen eta errentamendu publikoan ateratzen zen. Mendebaldeko fatxadan ‘Biande’ inskripzioa ikus daiteke, independentzia gerran frantzesak Udalerritik pasa zireneko oroitzapena.
Kale Nagusiko 50. zenbakiko atzekoaldea. Hamarrenen etxea. 1537. urteko Ordenantzetan agertzen da etxe horri lehenengo erreferentzia eta beraz, urte horretan eraiki zela uste da. XVII. mendera arte zerbitzu hori eskaintzen jarraitu zuen, geroago, Udalbatza eraikinera aldatu zen. XVI. mendeko ezkutu ez heraldikoa du portaleko erdi-puntuko arkuaren gainean. Ezkutuak alboetara hiru galburu dituen dorrea irudikatzen du, eraikina aletegi-etxea izan zelako. Etxeak bitartekorik gabeko nekazarien artean banatzen zen urrikalmen garia gordetzen zuen.
ERREGE ATEAN
1. ETA 2. ZK. Eraikin nahiko zaharra da eta ez daude datu zehatzik horri buruz.
3. ZK. San Andresen gurutzeek banatzen duten ezkutu txikia du bigarren solairuan.
12.ZK. Ladron de Guevarak eraikitakoa. Familiaren ezkutu txikia du etxebizitzaren sarreran. Harlanduzko etxea da landa lurreko kuxin-antzekoan landuta. Hiru gorputz horizontalek eta lau banda bertikalek osatzen dute fatxada, atikoan bukatzen duelarik. Sarrera, balkoiak eta galeriak aberats apainduta daude. Gaur egun beheko solairuan Euskadiko Kutxaren sukurtsala dago.
SAN JOAN ENPARANTZAN
4.ZK. Salcedo leinuaren eta olbeetan integratutako kapare etxea da. Ezkutu laurdendua du portalearen zutabeko kapitelean ezarrita.
8.ZK. Olbeetan integratutako kapare etxea. Zumalburutarren ezkutua du beheko solairuan, etxebizitzaren sarreraren gainean. Ezkutu laurdendua eta lehenengo eta laugarren panelean banda mehea du. Bigarren eta hirugarrenean zortzi muturreko izarra du.
ARRAMEL KALEA
2.ZK. Kortazar-Ortiz de Urbinako etxea. Etxe hori, gaur egun oso aldatuta dagoena, bitan zatitzen da. Juan de Kortazar eta Francisca Ortiz de Urbinaren seme-alabeena izan zen. Ezkutuak familia horien armak erakusten ditu. Bertako etxeen atzekoaldean kale estua dago eta uste da bertan beste eraikin batzuk egon zirela baina Errege ateko aldaketa edo zonalde horretako harresiaren desagerpenaren ondorioz desagertu ziren.
