Ondarea eta Turismoa
Udala
Herritarra
Agurain On
Agenda Bustamantetarren etxea
Zapatari kaleko 30. zenbakian dago. 1580. urte inguruan eraiki zuten Juan Martinez de Zumalburu y Garcia de Alanguak eta bere emazteak, Maria Saez de Vicuña y Hernandez de Luzuriagak.
Hala ere, XVII. mendean Bustamantetarrek oinordetzan jaso zuten 1985. urtera arte. Gaur egun eraikina zaharren egoitza bezala erabiltzen da. Fatxada nagusiak mendebalderantz ematen du, Zapatari kalerantz. Atzekoak Zapatari kaleko eta Kale Nagusiko etxeak bereizten dituen kalexka baterantz. Eta aldeetako fatxadek lorategietara ematen dute.
Ezkutuak Zumalburu eta Vicuña familien armak irudikatzen ditu eta fatxada nagusian dago, atearen gainean.
Oin karratua du eta teilatupea isurki bikoitzekoa da iparraldean isurki triangeluar gehigarria duela. Hegoaldeak horma pikoaren forma du eta agian antzina eraikin bat izango zuen atxikita. Lau solairu ditu, ganbara eta beheko solairua barne.
Eraikitzeko erabilitako materialak honakoak izan ziren: fatxada nagusian, eskantzuetan eskuineko lorategiko horman harlandua; aldiz, atzeko fatxada, azken altuerarainoko aldeetakoak eta ezkerreko lorategiko horma harlangaitzezkoak dira; eta aldeetako bi fatxaden goiko solairua adreiluz egina dago.
Eskuineko lorategiko horma idulki trapezoidala duten harrizko bolekin apainduta dago. Ate nagusiko teilatu-hegalak zurez eginda daude eta apaindura nagusiak erroleoak dira. Burdina balkoietako eskudeletan, horien plataformetan eta leihoetako burdin hesietan dago.
Fatxada nagusian, beheko solairuan, dobela handiak dituen erdi-puntuko arkua duen portale bat irekitzen da eta horietariko bat beranduago arkuaren rioiaren altueran irekitako leiho txiki batek hausten du. Horren eskuinean bi hutsune gehiago daude, bata kanpoaldean karratu den eta burdin hesia duen leihoa eta bestea aurrez leiho izan zen ate bat dira. Hala eta guztiz ere, ezkerraldean azaltzen den hutsunea jatorrian ate bat zen eta gaur egun leihoa da, goiko zatian arku zuzen baten dobelak eta zangoen lerroa ikusten dira.
Lehen solairuan hiru leiho txiki daude. Bigarren solairua eskuinean dauden bi balkoientzako plataformak eta eskudel bakarra duten bi hutsunek eta ezkerrean beste balkoi batek osatzen dute. Balkoi horiek burdinazko horma-besoen bitartez sostengatuak daude. Azken solairuan leiho txiki eta laukizuzenak daude.
Aldeetako fatxadek hutsune txiki eta pikardatuak dituzte, eta horietariko batzuk harlanduz enkoadratuak daude. Hegoaldeko fatxadaren goiko solairuan beirazko galeria laukizuzen bat dago.
