Ondarea eta Turismoa
Udala
Herritarra
Agurain On
Agenda
Desagertutako baselizak
Hutsik geratu ziren zenbait herritako elizak baseliza bezala geratu ziren, denbora pasa ahala desagertuz joan zirelarik.
Ulako Santa Maria, Sailurtegiko Santa Maria eta beste batzuk.
Ulako Santa Maria baseliza, Ula herrixkako parrokia izandakoa, XIII. mendeko lehen erdian eraikia izan zen. Agurainek baseliza honen patronatua eduki zuen, 1270. urtean Alfontso X.ak Ula herria Hiribilduari eman baitzion. 1446an serora frantziskotarrak hara joan ziren, Agurainera pasatu arte. Baseliza XVIII. mende amaierara arte mantendu zen. 1799an garau kutxatzarrak bertatik aterarazi zituzten. Baseliza honen gaineko azken aipua 1910ekoa da, garai hartan erakusten zuen narriadura zela eta. Geroago, bere gainean etxebizitza, ukuilua eta lastotegia eraiki zituzten arren, gaur egun ere egitura aurre-gotikoa ikusi ahal da. Hau nabe bakarrekoa da, eta Epistolaren alboan arku erdizirkularrak dituen leiho erromaniko bat dauka.
Sailurtegiko Santa Maria kontserbatu da, neurri batean, Ulakoaren moduan, XVIII. mendean bere gainean landetxe bat eraiki zutelako. 1848an Aguraineko Udalak landetxea baselizarekin batera Gasteizko Maria Rosario Etxabarria Andreari saltzea erabaki zuen. Egun, etxeak zutik dirau, aintzinako baselizatik, elizburuan horma-hobia duen angeluzuzeneko oinplanoa, korupeko arku beheratua, kanoi-ganga eta arku erromaniko baten aztarnak kontserbatu direlarik. Baselizak bere funtzioa galdu ostean, Andra Mariren irudia, XIII. mendekoa, Santa Maria Elizara eraman zuten.
Agurainen desagertutako beste baseliza batzuk ere egon ziren, haietako gehienak gaur egun hutsik dauden aintzinako herrixketako parrokiei zegozkienak. Haien artean, Albizuako Andra Maria, Paterninako San Esteban, Zornostegiko Santa Maria, Mostrejoneko Andra Maria eta Zumalburuko Santa Engratzia. Beste baseliza batzuk ere egon ziren, hala nola, Aranako Santa Maria, Arrizala ondoan, Andra Mari, Egileor ondoan eta San Migel, Alanguan. Desagertutako beste baselizetako bat San Jorgeri eskainita zegoen.
