Ondarea eta Turismoa
Udala
Herritarra
Agurain On
Agenda
Desagertutako etxeak
San Juan elizaren ondoan bazen Casa del Alto izenez ezaguna zen etxe bat, duela urte asko bota zutena. Aialatarren gotorlekua, Santa Maria atarian zegoen, izen bereko elizaren aurrean.
ZAPATARI KALEA, ZENBAKI GABE
Gaur egun desagertuta dagoen jauregi-etxea. Bere fatxada mendebalderantz orientatua zegoen Zapatari kalean eta iparraldeko fatxadak Ula kantoira ematen zuen.
Dirudienez sutean suntsitu zen eta batez ere 1564tik aurrera herrian pertsona nahiko garrantzitsua izan zen Ruy Garcia de Zuazoren jabetzakoa zen.
Sutearen ondoren, bi eta lau metro arteko altuera zuten Zapatari kaleko eta Ula kantoiko kanpoko hormak zutik geratu ziren. Etxea harlangaitzez eraiki zen, fatxada nagusian erdi-puntuko arkua zuen eta leiho-forma hartzen zuen portale bat osatzen zuten dobela zatiekin ikus zitekeen.
Urte batzuk lehenago orube horiek etxebizitzak eraikitzeko erabili ziren.
“CASA DEL ALTO” DEITURIKOA, ARRAMEL KALEA, ZENBAKI GABE
Herrian “Casa del Alto” deitzen zitzaion punturik altuenean zegoelako San Joan Elizaren aldamenean. Existitzen zela azaltzen da jada XV. mendean, Lazarragatarren Testamentuan. Sutetik zuen kokapenagatik salbatu zen, kalteak jasan zituen arren. Duela urte asko eraitsi zen.
Bere fatxada nagusiak Arramel Kalera ematen zuen eta atzekoak Elizatik bereizten zuen kale txiki batera. Aldeetako fatxadetariko batek San Joan Plazara ematen zuen eta besteak, lorategi txiki batek inguratua zegoena, harresiarekin muga egiten zuen. Etxe horrek Lizarraga familiaren armarria zuen izkina batean. Oin laukizuzeneko eraikina zen, hiru altuerakoa eta bi isurkietako teilatuarekin. Eraikitzeko erabili zen harria harlanduzkoa eta harlangaitzezkoa zen eta zura haritza.
Fatxada nagusian erdi-puntuko arkua zuen ate bat zegoen eta goiko solairuetan leiho laukizuzen txikiak. Fatxada horren erlaitza molduratua zen.
Gainerako fatxadetatik arkitektonikoki garrantzitsuena San Joan plazara ematen zuena zen, non beheko solairuan portale zuzen bat ikus zitekeen, lehen solairuan, harrizko plataforma zuen eta hiru mentsulatan oinarritzen zen eta burdinazko eskudela zuen balkoia, eta solairu horretan eta hurrengoetan tamaina desberdinetako leihoak.
AYALATARREN GOTORLEKUA
Beranduago Hiribilduko Kondeen titulua hartu zuen Ayala familiaren jabetzako gotorlekua. Horrela, Salvatierra/Agurain Errege Hiribildu bat izatetik leinu horrek gobernatutako Jaurerria izatera pasatu zen. Gotorleku hori eraikin garrantzitsua izango zen, familia hori 139 urtetan izan baitzen hiribilduko buru.
Gotorleku hori Ayala familiak 1382an erosi zuen eta hiriaren iparraldean zegoen, Santa Maria atea okupatuz eta izen bereko tenpluaren aurrealdean. 1443an Aguraingo Hirugarren Jauna Santa Maria ateaz eta dorreaz jabetu zen eta ate hori elizaren eta gotorleku horren arteko espaziora eramatea agindu zuen.
Gotorleku hori nagusiki leinu horren interesak defendatzeko erabiltzen zen aguraindarren onurarako baino.
Hegoalderantz orientatutako horma-atalak benetako defentsa-gotorleku baten itxura zuen. Bertan kokatutako horma lodia zen eta harresian ixten zen. Hegoaldeko horma gazteluaren sarreran zegoen zubi altxagarri bat zuen hobi baten bitartez babesten zen, eta sarrera hori babestuz, hobiaren bestaldean alde bakoitzean kuku-leiho bana zuen dorre bat zegoen.
Ayalako azken konde zen Pedro Lopez de Ayalaren Komunitateen Gerrako porrotarekin, hiribildua berriz ere Errege Hiribildu izatera pasatu zen eta gotorlekua suntsitzea eskatu zuen. Karlos I.ak Diego Martinez de Alava izendatu zuen teniente eta hori gotorlekua suntsitzearen aurka azaldu zen, gotorleku hori mantentzeagatik diru-kopuru bat jasotzen zuelako. 1524an inkesta bat egin zen hiribilduko biztanleen artean gotorlekua mantendu edo suntsitu erabakitzeko. Beranduago, tenientearen ondorengoak izan ziren gotorlekuaren jabe, baina 1592an bistakoa zen eraikuntza horren hondatzea.
XVII. mendean zehar Udalak baimenak eman zituen gotorlekuko harria hiribilduko obra desberdinetan erabiltzeko, adibidez, komentua zabaltzeko eta Magdalena eta San Lazaro Ospitaleko kapera zabaltzeko. Gotorlekua desagertu zenean, harresiari eragin ez zionez, Santa Mariako jatorrizko sarrera berriz ireki zen.
