Ondarea eta Turismoa
Udala
Herritarra
Agurain On
Agenda
Dionisio Preciado (1919-2007)
Organu jolea eta musikaria.
Organu jolea eta musikaria. Aguraineko Kale Nagusian jaio zen 1919ko urtarrilaren 19an.
Musikari goiztiarra, lehenengo musika jakinbideak bere jaioterrian ikasi zituen, On Ramon Sagasti organu jolearen zuzendaritzapean, Marcos Sagasti irakaslearen semea zena.
Bere tiple ahots ederra eta musikaltasuna zirela eta, ume kantaria izan zen Aguraineko parrokia bietan. Humanitateak ikasi zituen Altsasuko Kaputxinotarren Apaizgaitegian. Lekarotzen Aita Donosti ezagutu zuen. Humanitate ikasketak behin amaituta, frantziskotarren abitua jantzi zuen nobiziatu urtea burutzeko. Ondoren, 1936ko abuztuan, agintzak egin zituen fraide kaputxino gisa. Gerra garaiko urte gogorren ostean, Lizarran ikasi zuen. 1940an Iruñean Teologia ikasi zuen, eta 1943ko abenduaren 21ean apaiztu zen, Aguraineko Aita Pio izena hartuz.
Iruñeko San Antonio komentuko organu jole eta ume kantarien zuzendari aritu zen. 1949.etik 1960.era Txilera bidalia, Txileko Santiagon ibili zen organu jole, 1959an Txileko Kontserbatorio Nazionalean Musika Zientzietako Lizentziatura eskuratuz. Geroago, Donostian, Jakan eta Zaragozan aritu zen organu jole. 1964an Britainia Handira joan zen, bertan Oxford Unibertsitateko Gray Friars Hall-en irakasle lanetan ibili zelarik. Erroman Kantu Gregorianoan lizentziatu zen 1968an.
Bueltatzean, Harmonia, Kontrapuntu, Konposizio eta Instrumentazio Goi Mailako Irakaslearen titulazioa eskuratu zuen; gainera, Valentziako Goi Mailako Musika Kontserbatoriotik deitu zioten musikologia irakasteko. Garai batez musikagintzan jardun ostean, ikerketari nahiz irakaskuntzari eman zion buru-belarri.
Aintzinako musika zein musika barrokoaren inguruko ezagutzaz aparte, Dionisio Preciado nazioarteko mailan dantza eta folklore ikasketetan ere autoritatea izan zen. Musikologo gisa, hainbat lan eta artikulu argitaratu zituen aldizkari espezializatuetan.
