Ondarea eta Turismoa
Udala
Herritarra
Agurain On
Agenda Harresiak
Harresiek ia Alde Zahar guztia inguratzen dute. Jatorrizko eraikuntzaren daturik ez dago.
Hala eta guztiz ere, 1259. urtean badago erreferentzia bat Alfontso X.aren gutun batean non Salvatierra/Agurain bere erresuma osoan atesariak ordaintzetik salbuesten duen. Guzti hori, hiribildua gehiago itxi eta jendeztatzeko helburuarekin. Beranduago, 1270ean, Alfontso X.ak harresiak berreraikitzea agindu zuen gotorleku handi bat sortu eta nafarren erasoetatik babesteko.
Beranduago, 1521ean, Aguraingo azken Kondearen aurkako guduan harresiek kalte asko jasan zituzten eta Karlos I.a erregeak konpondu zituen . Eta beren Jaunaren aurka eta Erregearen alde borrokatu izanagatiko errekonpentsa gisa Hiribilduari Leial titulua eman zion.
1564. urtea hiribilduarentzako zoritxarreko data izan zen, sute handi batek suntsitu baitzuen ia osorik. Horregatik, Salvatierra/Aguraingo biztanle ugarik harresietako materialak erabili zituen beren etxebizitzak berreraikitzeko eta horrek gotorlekuaren egitura nabarmen kaltetu zuen. Urte batzuk beranduago, 1592an, Felipe II.ak Sanvatierra/Aguraingo harresiaren eta inguruko kalteak konpondu zituen.
Nahiz eta saiatu ziren gotorleku horiek egoerarik hoberenean kontserbatzen, 1808 eta 1815eko guduetan harresietatik harri-kopuru handia atera zen Gevarako Gazteluko defentsak indartzeko.
Gaur egun harresiak oraindik ere zutik daude, nahiz eta berrituta eta beren hasierako altueraren oso azpitik izan. Ekialdeko ibilbidean ikus daiteke harresiaren zati bat jatorrizko egoeran, elizen hormen parte baitira. Ibilbide horretan defentsako dorreak izan zirenen zatiak ere bereizten dira. Aldiz, mendebaldeko ibilbidean, harresitutako gunea egoera txarragoan mantentzen da. Alde horretan zegoen defentsako hobia, San Joan errotatik Santa Mariaraino zihoan bidea jarraituz.
Egitura mendeetan zehar
Bere perimetroaren ibilbideak 1.500 m inguruko luzera du. Bere ibilbidetik 30 metroro banatuta dorre edo kubo laukizuzen oso solidoak altxatzen dira. Harresia harri amaren gainean eraiki zen zapata bezala erabiltzeko. Fabrika berri eta zaharrak lotzeko, eta harresiek sendotasun handiagoa izateko, “harpauso” deituriko tamaina handiagoko harriak jartzen ziren.
Perimetroko altxaera bi mailek definitzen zuten: hormakoak eta altuagoak ziren dorreetakoek. Bi datu daude adierazten dutenak Santa Maria atea erakusten zuten dorreek 2 metroko altuera gainditzen zutela. XVIII. mendearen hasieran, harresiaren altuera 10 metro ingurukoa zen eta hormaren eta dorreen arteko altuera berdintzen ari ziren. San Joan Plazako 1. etxean hormaren zati batzuk daude eta bertan harresiaren lodiera ikusten da eta 2 metro ingurukoa zen.
Harresiaren errematea almenaduna zen. Harresiaren goiko zatitik pasatzen zen errondako ibilbidea, eliza bietan bakarrik ikus daitekeena.
Hasiera batean ez zegoen harresiari atxikitako etxerik, hala ere, bere defentsako funtzioa galdu zuenez, harresi-barruko azalera erabilgarria zabaltzeko hormak etxearen hormatal bezala aprobetxatuz eraikitzen hasi ziren.
Hobia
Harresiaren perimetroa inguratzen zuen hobi bat zegoenaren dokumentaziorik ez da aurkitu. Hala eta guztiz ere, Ondare Taldearen “Estudio Histórico-arqueologico de la Villa de Salvatierra” lanean baieztatzen da 1290ean urez betetako hobi bat zegoela eta XVII. mendera arte mantendu zela.
Ez dago harresiko hobekuntza eta konponketei buruzko hobi horren inguruko agiririk. Horregatik pentsatzen da antzina hobi natural batek Parte Zaharra ingura zezakeela, kokaleku horretatik gertu errekasto desberdinak daudelako. Hala eta guztiz ere, izan daiteke mendebaldekoak zulatu izana. Horretaz gain, uste da hobi horretako sarrerak gainditzeko zubi altxagarriak eraiki zirela honako ateetan: San Joan, Andraiturri edo San Sebastian, Arrosario edo Ula, Santa Maria eta Madura.
Ateak
Harresiak biztanleria zabaltzen zen harresiz kanpoko auzoetara sartzeko zazpi ateren bitartez irekitzen ziren. Ate horiek zurezko bi orriren eta horietariko bateko kontraleiho baten bitartez ixten ziren.
Sarrerarik garrantzitsuenak bi ziren: Hegoaldean Erregearen edo San Joan Atea, 1841ean eraitsi zena; eta iparraldean Santa Maria Atea, izen bereko eliza-gotorlekuak, Ayala de Quejana sendiaren jauregiak eta elizako kanpandorrea zegoen aldeetan kokatutako dorreak eta beste batek babestua.
San Joan Atea dorre batek indartzen zuen. Horren berri 1564an daukagu, atea eta dorrea konpondu zirela-eta. Sarrera dorrearen aldamenean zegoen eta izan liteke atearen gainean armarri bat egon izana. 1594an dorrea egoera txarrean zegoenaren datuak badaude baina baliabide faltagatik 1597an konpondu zen, harresiaren altuera berdinduz. Beste konponketa batzuk ere egin ziren XIX. mendean desagertu zen arte.
Beste bost ateak txikiagoak ziren eta ekialdean nahiz mendebaldean zeuden eta aldamenean dorre bat zuten. Ekialdean honakoak zeuden (iparraldetik hegoaldera): Madura Atea, Harategiko Atea edo Portalico eta Chiquito Atea. Eta mendebaldean honakoak: Ulako edo Arrosarioaren Atea eta San Sebastiango edo Andraiturriko Atea (izen horrekin XVI. mendeaz geroztik ezagutzen da). Harategiko ateak edo Portalicok kantoi bat sortzen du, Lope de Larrea deiturikoa, Parte Zaharreko hiru kale nagusiak zeharkatu eta San Sebastiango edo Andraiturri edo Aniturri ateraino iristen dena. Madura ateak ere hiru kale horiek ebakitzen zituen Arrosarioaren edo Ulako Ateraino iritsiz, bai eta Santutxoaren Kaperaraino ere.
Jatorrian hiribilduko bizilagunak kontratatzen zituzten ateak zaintzeko. Ate horien funtzio nagusiak honakoak ziren: defentsa, gaixotasunak kontrolatzea eta salgaien zerga-kontrola.
Ateen aldameneko dorreak XIX. mendearen amaieran desagertu ziren hiribilduko zirkulazioa eta sarrerak hobetzeko helburuarekin.
Ate horiek beren lekuan egon dira duela gutxi arte, 1950 eta 1960 artean eraitsi baitziren mantentzeko gastuek pisu handia hartu zutelako. Hala eta guztiz ere, sarrera horiek oraindik ere Parte Zaharrean sartzeko erabiltzen dira.
