Ondarea eta Turismoa
Udala
Herritarra
Agurain On
Agenda
Heraldika eta armarrien ibilbidea
Salvatierra/Agurainen familia-leinuen ezkutuak dituzten hainbat etxe daude.
Horiek guztiek familia horiek Aguraingo gizartean duten garrantzia goraipatzeko helburua dute.
Kale nagusia
Ordoñana-Vicuña-Larrinzar etxea (2. zk.)
XIX. mendearen erdialdean berreraiki zen. Fatxadako harrizko armarria Salvatierra/Aguraingo ederrenetarikoa da. XVI. mendeko jatorrizko etxean zegoen, Juan Sanchez de Vicuña y Diaz de Santa Cruz eta Larrinzar etxeko ondorengoa zen bere emaztearena izan zen etxean, hain zuzen.
Armarri hori Ordoñana, Vicuña eta Larrinzarreko armek osatzen dute. Hiru etxe horien izenak bordatuak ditu armarrian, kasket batekin eta baxuerliebeko landare-motiboekin eta lumazko gandor batekin apainduak. Bere aldeak fruta-mordoekin eta artaburuekin apainduak daude eta beheko aldean bi haur biluzik fruta biltzen ari dira, oparotasunaren sinbolo.
Ochoa de Alaiza etxea (10. zk.)
Hasieran etxe hori Jacinto Garcia Viejo merkatariarena izan zen eta beranduago, 1727an, bere oinordekoek Pedro Saenz de Elorduy eta bere emazte Mariana Ochoa de Alaizari saldu zioten. Familia kapare horrek jarri zuen armarria.
Ordoñana-Vicuña etxea (15-17-19. zk.)
Eraikin hori XIX. mendearen erdialdean berreraiki zen bere fatxadan aurrez zegoen armarria mantenduz. Armarri hori XVII. mendean Jose Fernandez de Vicuña y Garibay San Jakueren Ordenako zaldunak jarri zuen.
Armarri horrek Ordoñana eta Vicuñako armak daramatza bere abizenagatik eta Erdoñanako jauregiaren zati baten jabe izateagatik.
Armak ondo egindako lanbrekinekin moztutako ezkutu batean daude eta beheko zatian bi giza irudi belauniko daude. Goiko zatian haur bat dago alde bakoitzean banderola bat duela.
Ordoñana-Vicuña-Lazarraga etxea / Santa Cruz armarria. Begoña etxea (25. zk.)
Etxe hori XVII. mendean Maria Saenz de Vicuña y Perez de Dallorekin ezkonduta zegoen Antonio Martinez de Oquerrurirena izan zen.
Fatxadan bi armarri ditu. Goian ezkutu nagusia dago, Ordoñana, Vicuña eta Lazarragaren armarriak dituena. Ezkutu horrek Ordoñanako armak zeramatzan Erdoñanako jauregiaren bosten baten jabe zelako; eta Vicuña eta Lizarragako armak bere aitaldeko amonaren herentziaz eta bere emaztearen leinuagatik.
Lorategiaren hormaren gainean ezkutu txikiago bat ikus daiteke Santa Cruz familiaren armekin eta horren apaindurak barnean kiribildura sinpleak ditu.
Lazarraga etxea (27. zk.)
XVI. mendean Pedro Lopez de Lazarraga y Diez de Santa Cruzena izan zen. Lazarraga familiak azkenean Oquerruritarren eskuetan erori ziren maiorazgo desberdinak sortu zituen.
Kanpoaldean apaindurarik ez duen arren, hiriko ezkuturik interesgarrienetariko bat da, ganboatarren arrano bat du orein oinaztarrekin grinatua. Nahiz eta ezkutu txikia den, adierazpen-indar handia du. Apaindura erroleoek berant Errenazimenduko eragina dute.
Ocariz etxea (28-30. zk.)
Eraikin hori XVII. mendean eraiki zuten Juan Ochoa de Ocariz eta bere emazte Maria Saenz de Vicuñak. Salmentan Jose de Eguino e Iñiguez de Herediak eskuratu zuen eta bera izan zen XIX. mendearen hasieran armarria jarri zuena.
Armarri laurdendua da. Lehen laurdenean zuhaitzera igotzen ari den animalia bat azaltzen da. Bigarrena bitan banatua dago: lehenengoan, harlanduzko dorre bat dago eta bi hegazti bere almenen gainean; eta bigarrenean, zuhaitzera igotzen ari den otso bat. Hirugarren laurdena ikoroski eran jarritako bost otsok osatzen dute. Eta laugarren laurdenean izar bat dago goialdean eta gora doan animalia bat behean. Apaindura-elementu gisa basatasun-espresio nabarmena duten bi lehoi nabarmentzen dira.
Santa Cruz edo Eulate etxea (40. zk.)
Etxe hori XVI. mendearen azken herenean eraiki zen Juan Diaz de Santa Cruzen aginduz.
Eragin manierista duen ezkutu horrek bere lanean oso saiatua zen Santa Cruzen armarriak dituen eremu obalatu bat du. Erdian arkuan altxatua dagoen erlaitz baten azpian dago, landare-motiboekin eta gizon baten eta emakume baten aurpegiekin apaindutako bi mentsula ditu euskarri.
Kasketak lumak ditu eta horien artetik kaskoa eta bere eskuinaldean giltza bat dituen pertsonaia bat ateratzen da eta lanbrekinez inguratua dago, kasko puntazorrotza eta armaduraren ginean kapa duten bi gudarik sostengatzen dute. Gudari horien jarrera pixka bat emagizona da, eskuinean dagoena mutil gazte bat da eta ezkerrekoa adinako gizon bat. Irudi biek erroleo altuak eusten dituzte ezkutua errematatuz eta besoak aldeetako kiribilduretan sartzen dituzte. Horietaz gain “hay dos enemigos de la cruz de la cara del león” jartzen duen goiburu bat eusten dute.
Ordoñana edo Luzuriaga etxea (42. zk.)
1582an Martín Ruiz de Luzuriaga y Oquerrurik eraiki zuen.
Ordoñanatarren armarria irudikatzen da, Ruiz de Luzuriaga, Vicuña eta Ocariztarrek erabiltzen dutena. Aurreko ezkutuan bezala, estilo manierista azaltzen da animaliak (lehoiak) errealismo oso markatuarekin irudikatuz. Lehoi horiek lanbrekinak dituen kasket bat eusten dute. Bere beheko kiribilduretan basatiak biluzik ageri dira eskuetan luma-koroak eta frutak dituztela.
Azpian ondoko inskripzioa dago: “esta casa hedifico martin ruiz de luzuriaga año de MDLXXII”.
Zuazo-Lazarraga / Zuazo-Lazarraga-Arrarain-Heredia / Lizarraga etxea (46. zk.)
Eraikin horrek hiru ezkutu ditu, apainduran soilak baina ikuspegi heraldikotik oso interesgarriak direnak. Bere fatxada orijinaltasun eta edertasunagatik nabarmentzen da.
Etxe hori XVI. mendean Prudencia Garcia de Zuazok, Ruy Garcia de Zuazo eta Catalina Ruiz de Arrarainen semez eta beste Ruy Garcia de Zuazo y Sanchez de Herdoñanatar baten eta Maria Perez de Larrazaga y Fernandez de Herediaren biloba zenak eraiki zuela uste da. Familia-egitura horrekin bakarrik uler daiteke atean dagoen eta Zuazo, Lazarraga, Arrarain eta Herediaren armak dituen ezkutu laurdendua aldatu izana.
Bigarren solairuan, eskuinean Lazarragatarren ezkutua dago, erroleoen apaindurekin. Ezkerrean beste ezkutu bat ikusten da Lizarragatarren armekin, Gregorio Lizarraga eskultore nafarrak etxe hori haren oinordekoei erosi baitzien.
San Joan Plaza
Salcedo etxea (4. zk.)
Familia horren armarri txiki bat dago bere hegada sostengatzen duten zutabeetariko batean.
Zumalburu etxea (8. zk.)
Eraikin horrek leinu horren armarri laurdendua du.
Arramel kalea
Cortazar-Ortiz de Urbina etxea (2. zk.)
Etxe hori, gaur egun oso erreformatua dagoena, bitan zatitua dago. Juan de Cortazar eta Francisca Ortiz de Urbinaren seme-alabena izan zen, XVII. mendean hiribilduan kokatu zen familiarena.
Hiru zatitan banatutako ezkutua duen armarria du. Goiko zatiak Cortazar leinua ordezkatzen du, gaztelua eta ezpata duen besoa eta zerrenda dituela lehen zatian, eta faxa batek bereizitako zakur eta zezena bigarrenean. Hirugarren zatian zuhaitzera igotzen ari diren bi otso daude, Urbina leinuari dagozkionak. Ezkutu hori kasketarekin apaindua dago, aldeetan bi giza irudi eta bi sirena azaltzen dira, orbelezko gorputz erdiarekin eta trozalean kaskaroi bat duela.
San Joan parrokia
Aguraingo armak (4. zk.)
San Pedroko Klaratarren komentuak bi sarrera ditu. 4. zenbakiko atean hiribilduko armarri bat dago, kasketan tinbratua, fruta-mordoz inguratua eta hiribilduari erreferentzia egiten dion legendarekin: “la leal Villa de Salvatierra”.
Zuazo laurdendua / Ordoñana-Ruiz de Luzuriaga, Zarate eta Oyon etxea (24. zk.)
Eraikin hori XVIII. mendean eraiki zuten Fernando Fernandez de Zuazo y Gonzalez de Zarate eta bere emazte Agustina Luzuriaga y Fernandez de Oyonek.
Armarria lau zatitan banatua dago, lau gurasoen leinuak ordezkatuz: lehenengoa Juan Fernandez de Zuazori eskainia lehoi eta lur-zatiekin, bigarrenak Pedro Ruiz de Luzuriagaren armak ditu Ordoñanatarren dorre eta erbi-txakurrekin, hirugarrena María Gonzalez Zarateri eskaintzen zaio zuhaitz bat eta bost makal-hostorekin, eta laugarrena Ana María Fernández de Oyóni hiru kate-zerrenda orlaturekin.
Ezkutu horrek kasket bat du lumekin eta gazte baten aurpegia erakusten du. Kanpoko beste apaindura batzuk zutik dauden bi lehoi eta erroleoak eta kiribildurak sostengatzen dituzten lau giza irudi dira. Goiko zatian bi haurrek gudariren begi-babesa altxatzen dute. Eta beheko zatian lau lumak koroatutako buru batek Amerikari erreferentzia egiten dio. Horren aldamenean bi aurpegi txiki daude eta armarriaren barneko puntan gazte baten aurpegi oso adierazgarria. Dekorazio harro hori estilo barrokoan tipikoa da.
Zapatari kalea
Uriarte etxea (31. zk.)
XVII. mendeko etxea. Etxe hori oso garrantzitsua izan zen hirian, hala ere, bere armarria Salvatierra/Aguraingo sinpleenetariko bat da.
Bere apaindura miliziaren eta guduetako kideen partaidetzaren sinbolo diren kanoietan eta granadaz beteriko upeletan oinarritzen da.
Zumalburu-Vicuña etxea (30. zk.)
Fernando Martinez de Zumalburu y Saenz de Vicuñaren jabetzakoa da, bere ezkutuan bi leinuren armak irudikatzen ditu.
Ezkutua satiroen bi irudi handik eusten dute eta kasket batek tinbratzen du, lanbrekin nabarmenekin eta hegaldatzen ari den arrano batekin.
Satiroen espresibotasun dramatikoa beren ezaugarri basatietatik desberdina da. Agitaziorik eta gehiegikeriarik gabeko espresibotasun eleganteko tragedia hori armarri horren arrakasta handienetariko bat da.
Udaletxea
Bere fatxadan hiribilduko ezkutua ikus daiteke. Armarri horren apaindurak kiribildura arinak eta aldeetara bihurtutako bi orri mamitsu dira. Goian eta behean ahutza irekiak dituzten bi karatula azaltzen dira.
