Ondarea eta Turismoa
Udala
Herritarra
Agurain On
Agenda Herri hustuak
Herri hustuak desagertuz joan diren aspaldiko herrixkak dira. Hauen bizitza baldintzak oso gogorrak zirenez, gehienak sortu berria zen Agurain herrira joan ziren.
Herri hustuak gehienbat XIII eta XIV. mendeetan desagertutako herrixkak dira. Zenbait arrazoik eragin zuten herrixkotako despopulazioa. Horrela, XIII. mendean herrixka hauetan biztanleek jaso beharreko bizi-baldintza eskasek sortu berria zen Agurain hiribildura joanarazi zituzten. XIV. mendean, berriz, gerra eta izurritea izan ziren eragile nagusiak.
Egilazeko hegomendebaldean Berezeka herrixka zegoen eta Arrizala, Egileor eta Alangua artean Lekedara. Egileor baserriaren mendebaldean Albizua zegoen, 1322an despopulatu bezala agertzen dena. Okariz eta Opakua artean Padura zegoen. Gazeo inguruan eta Aguraineko mugaren mendebaldean Zumalburu eta Paternina herrixkak zeuden. Herrixka hauetatik kontserbatu ziren parrokia izateari utzi ostean ermita bezala mantendu ziren eraikinak. Bata, Zumalburuko baseliza (XVII. mendera arte), eta bestea Paterninako San Esteban (XVIII. mendeko bigarren erdira arte). Luzuriaga eta Zuazo artean Udala zegoen, Ula herrixkarekin oso lotua, biak batera Aguraineri eman zizkioten-eta. 1332rako Udala despopulatua zegoen. Mostrejon 1419 eta 1452 urte bitartean despopulatu zen. Abitona Alaiza eta Langarika artean zegoen, eta Iruraiz-Gaunakoak izan arren, Errege Dekretuaz, Agurainekoak ziren, bere kabildoak hamarrenak kobratzen zituelarik. Desagertutako San Cristobal baseliza, 1656an aipatua, baliteke bertako parrokia izatea. Sailurtegiko baserrian Andra Mari baselizaren aztarnak daude. Baseliza hau Sailurtegiko parrokia izan zen.
