Ondarea eta Turismoa
Udala
Herritarra
Agurain On
Agenda Jose Maria Azkarraga (1886-1981)
Idazlea eta politiko abertzalea. Gerra Zibilaren ondoren erbesteratua.
Gerra Zibilaren ondoren erbesteratutako idazle eta politiko abertzalea. Jose Maria Azkarraga 1886ko apirilaren 28an Agurainen jaio, eta 1981eko irailaren 18an Gasteizen hil zen.
Marcos Sagasti irakaslearekin oinarrizko ikasketak hasi zituen eta, batxilergoa amaitu ostean, Madrilgo Liburutegi Nazionalean lan egin zuen. Geroago, 1907an, Instrukzio Publikorako Ministerioaren Administrazio Teknikoen Talderako oposaketak egin zituen, eta Bilboko Irakaskuntza Ertaineko Institutuko idazkari hasi zen lanean. Geroago, kargu berean aritu zen Gasteizko Institutuan.
Espainiako Gerra Zibila hastean, errepublikanoen alde jo zuen, eta 1936an Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko bulegoburu izendatua izan zen. Gerra dela eta, bere semeetako bat, Jose Mari, “Lur Gorri” goitizenekoa, fusilatua izan zen, bere seme Emilianori heriotza zigorra ezarri zioten, eta bere bi alabek, Lolak eta Begoñak, erbesteratu behar izan zuten.
Jose Maria Azkarraga Agurain, Madril, Bilbo, Aramaio eta Gasteiz artean bizi izan zen. Egon zen toki guztietan euskal kulturarekiko maitasuna zein abertzaletasuna erakutsi zituen. Honek guztiak ikertzera eta idaztera bultzatu zuen. 1916an argitaratutako bere lehenengo liburua bere maisua izandako Marcos Sagastiren omenezko biografia bat izan zen (Biografía de D. José Marcos Sagasti y Pérez de Mendiola). Bere lanik esanguratsuenen artean Eusko Folklore (1956) eta El fuego del amor ditugu. Azken hau antzerkilana da, Donostiako “Euzko Etxea” antzerki taldeak lehenengo aldiz taularatutakoa.
