Ondarea eta Turismoa
Udala
Herritarra
Agurain On
Agenda
Organoak eta organistak
Tresna hori nagusiki liturgia-kanta laguntzeko erabili da, musika profanoa interpretatzeko ere erabili den arren.
Bakarlari gisa ere tresna garrantzitsua izan da. Tresna horiek Agurainen existitzen zirela, bai eta Euskal Herri guztian ere, gordetzen zituzten elizetan idatzitako agirien bidez jakin dugu. Hala eta guztiz ere, agiri horiek zabalago idazten XVI. mendean hasi ziren.
Ezagutzen diren lehen organoak Nafarroan zeuden, gehienak Frantziatik, Alemaniatik edo erdialdeko Europako beste herrialde batzuetatik inportatuak.
Salvatierra/Aguraingo organoak:
- Moja Klaratarren Komentua:
Komunitate horrek organoa 1775. urtetik dauka. Hala eta guztiz ere, gaur egungoa Agustín Bernal Kortak eraiki zuen 1986an. Kontsola exentu bat eta 61 notako bi eskuko klabier ditu.
Antzinako organoa 1964. urtera arte gorde zen eta Domingo Garagalza organogileak eraiki zuen. Lehenengoz 1854an eraberritu zuen hiribilduan bizi zen Luis Cibera organogileak. 1868an Domingo Rodríguezek guztiz desmuntatu zuen tresna hori garbiketa orokorra egin eta erabili ezin ziren elementuak ordezkatzeko. Garbiketa eta afinazio orokor bat egin zion Carmelo Loinazek, baina bere lanean akatsen bat egin zuen.
1964an organogile karmeldarra zen Honorio del Niño Jesusek organoa berrikusi eta eraberritze orokor bat egitea erabaki zuen. Zaharberritze hori 1966an amaitu zenean goiko koruaren atzeko aldean jartzea erabaki zen, fatxada aldare nagusirantz begira zegoela. Eraberritze horretatik geratu zen material guztia bota egin zen. 1975ean organogile berak kontsola berri bat jarri zuen beheko koruan, baina akustika-arazoengatik ia ez zuen ezertarako balio izan.
Organo berria 1986an inauguratu zen, organo zaharra Azpeitiko Bernal eta Korta profesionalek eraberritu eta zabaldu zuten urtean. Eskuzko bi klabier eta pedalier bat zituen tresna bat eratu zuten eta jatorrizko organoa nabarmen zabaldu zuten. Bi fatxada ditu: nagusiak, erdiko habearteari begira, Principalen hodiak ditu; eta txikia presbiteriorantz begira dago eta Nazarioren hodiek osatzen dute. Horietaz gain, bi kontsola biki ditu, bata goiko koruan eta bestea behekoan.
- San Joan elizako organoa
Juan Monturusek eraiki zuen 1809an. Kontsola exentua, 54 notako eskuzko klabierra, 18 notako oin-klabierra, klabierraren eta erregistroen transmisio mekanikoa ditu.
Parrokia horrek musika- eta organo-jarduera handia izan du eta hori frogatzen dute XIX. mendeko organista kargurako deialdi ugariek. Beste alde batetik, bistakoa da organoak existitzen zirela antzinako garaietatik. Hala eta guztiz ere, zaila da noiztik zehaztea, ez baitago ia datu dokumentaturik.
Kontserbatzen diren erreferentzia esanguratsuenek Francisco de Urralburu organo-jolearen 1688ko bi parrokiatako kontzertuak aipatzen dituzte eta 1721an egindako oposaketak, bi parrokietako organoez Juan de Icunza arduratuko zela erabaki zutenak.
Gaur egungo organoa 1803an jatorri frantseseko Juan Monturus organogileari enkargatu zitzaion eta zurgintzako apaindura Aguraingo Gregorio Dambrasas maisu arkitektoari.
1890ean organoa kontserbazio-egoera penagarrian zegoen eta elizbarrutiko apezpikuari hori konpontzeko laguntza eskatu zitzaion, 50 urte inguru baitzeramatzan erabili gabe.
Beranduago, 1907. urtean, tenpluan egindako eraberritze-lan orokorrekin batera, organoa berritu zen. Joko berriak sartu ziren zango-biolarekin eta zeru-ahotsarekin eta leihoko kontsola klasikoa bertan behera utzi zen aldare nagusira begiratzen zuen exentu bat sartuz. Azken obra horrek berez ere oso hondatua zegoen organoari izaera kendu zion.
- Santa Maria elizako organoak
1578an Guillaume de Lupe organogile ezagunari parrokia horretarako organo bat egitea agindu zitzaion. Maisu horrek proiektua xehetasun osoz elizara bidali zuen eta gaur egun Araban organo baten ezaugarri, osaketa eta eraikuntzari buruz kontserbatzen den agiririk zaharrena da.
1677 eta 1693. urteetan organoaren kontserbazio-egoera txarrari buruz hitz egiten zen eta 1700. urtean Tomás Auzmendi arkitektoak (zurgintza) eta Jose de Echeverriak (hodiak) organo berria egin zuten. 1702tik aurrera, parrokiak urteko 95.000 marabediko errenta jasotzen zuen organoa mantendu eta organo-joleen soldata ordaintzeko.
Aurrerago, 1805. urtean, Juan Monturus maisuaren txosten baten arabera, organoa egoera oso txarrean zegoen eta 1806an Manuel Antonio de Carvajal organogileari enkargatu zitzaion organo berri bat eraikitzea. Kutxa eta apaindura Pascual Dambrasas maisu arkitektoaren esku utzi ziren. Organo hori da eliza honetarako egindako hirugarrena eta azkena da eta gaur egun kontserbatzen da.
Eraiki zenetik aurrera, informazio gutxi ezagutzen da, nahiz eta suposatzen den hainbatetan eraberritu dela, 1841ean Juan Monturusek egindako egoera txarraren txostenak adierazten duen moduan.
Hiribilduko organogileak: biografiak-iradier
