Ondarea eta Turismoa
Udala
Herritarra
Agurain On
Agenda
San Joan Eliza
San Joan Elizaren eraikuntzak uste dugu jatorria Alfontso X.aren garaian izan zuela, Hiribildua XIII. mendean sortu ondoren.
nahiz eta hori existitzen zenaren lehenengo idatzizko aipamena XIV. mendekoa den eta horren arabera San Joan Atearen ondoan zegoen. Jatorrian, gotorleku bezala egin zen eta ondoren bere erabilera nagusiki erlijiosoa izan zen arren, oraindik ere bere zuzen errematatutako buruan gordetzen du hasierako erabilera. Garai horretatik bere horma guztiak zeharkatzen dituen defentsako korridore bat ere gordetzen du.
Hala eta guztiz ere, San Joan Elizak gaur egun ezagutzen dugun moduan jatorria XV. mende amaieran du gutxi gorabehera eta nagusiki XVI. mendean Salvatierra/Agurainen 1564an gertatu zen eta aurreko Eliza suntsitu zuen sutearen ondorioz.
Eraikinaren estiloa gotikoa da.
KANPOALDEA
Ebanjelioaren aldamenean dorre bat, bi zati desberdindurekin. Lehenengoak estilo gotikoa du leiho primitiboen aztarnak mantenduz eta goiko zatia XVII. mendekoa da, sutearen ondoren eraikia eta Zumalburu baselizatik ekarritako harriarekin.
Ebanjelioaren gorputzaren gainetik, mailakatutako gorputzetan antolatua, lehen gorputzean kuadrifolioekin karelak itsututa, Elizaren perimetro guztia inguratzen duen erronda-bidekoak baitira. Bigarren gorputzeko karelak argi-zulokoak dira. Aldeetako habearteek bi arrosa-leiho dituzte.
Elizaren antolamendua paralepipedo laukizuzena da, erdiko nukleo estu eta altuago batekin. Burualdean antolamendu laua eta kontrahormek nabarmendutako lau zatitan egituratua, harresiaren lerroak zehazten du eta bere gotorleku-jatorria karelak eta saieterak dituen erronda-bideagatik azalduz. Bide hori Santa Mariarena baino zabalagoa da.
Epistola aldeari dagokion horma, eta San Gregorio eta Karmen Kaperekin bat datorrena barnean, Sanchez de Vicuñatarren eta Juliana Diaz de Santa Cruz andrearen armarriak daude. Ebanjelioaren aldamenean eta Zumalburutarren kaperari dagokion zatian, horien armarria dago 1609ko data duela.
Gurutzearen zatian XVII. mendeko ezpataina bat eta dorrearen oinean moldura duen arku zorrotzeko ate bat dago.
ELIZATARIA ETA KANPANDORREA
Elizataria eta kanpandorrea, estilo barrokokoak dira. Elizataria eraikitzeko, 1788an lursaila hiribilduari erosi zitzaion eta esleitutako arkitektoa Ignacio de Ibero Azpeitiko Loiolako santutegiaren elizatariaren obraren arduraduna izan zen.
Eraikitzeko baldintzak 1750ean ezarri ziren: harriak Alangua portukoa izan behar zuen, gangak Karmengo Elizakoa bezalakoa eta erdiko klabean San Joanen irudia jarri behar zen. Azkenik obra Juan de Iduya Salvatierra/Aguraingo bizilagunari esleitu zitzaion. Baieztapen-eskritura 1750ean sinatu zen eta obrak 1751ko irailaren 29a baino lehen amaitzeko konpromisoa hartu zuen.
Elizataria gurutze-ganga batek eta San Joan Bataiatzailea, San Pedro, San Jakue, San Andres eta San Jeronimo ez gainerako Elizaren aitekin apaindutako giltzarriek osatzen dute.
Elizatariko fatxada estilo barrokoko 5 aldek osatzen dute, armarri desberdin eta handiekin (bata San Joan Ebanjelariaren dragoia duen kalizarekin eta bestea San Joan Bataiatzailearen Bildotsarekin) eta frontoiaren aurrealdean San Joan Bataiatzailearen irudi bat duen nitxo bat dago.
Elizako ateak baketa handiak ditu arku zorrotzarekin eta hainbat arkiboltarekin, baita ere baketak dituzten zangoekin, arku eskartzano zuzenarekin, eskulturarako tinpano lauarekin eta marko konopialarekin, loreekin eta erremateko floroiarekin.
Kanpandorreko dorrea 1564ko sutean suntsitu zen jatorrizkoa ordezkatzeko eraiki zen. Esanguratsuak dira arku zorrotzeko ate bat eta eskailera kiribileko kuboa, hainbat arkitektura-motiborekin apaindutako kanpaien gorputzetik desberdinak baitira.
BARNEALDEAREN BANAKETA
Multzoa oso soila da eta arkitektura-obra da nagusi apaindura-elementuen gainetik. Barneko banaketa XVI. mendeko lehen erdiko estilo gotikokoa da.
Oin laukizuzena du, altuera desberdineko hiru habearte eta girola zuzena. Erdiko habeartea da altuera handiena duena eta gainerakoetatik arku zorrotzek eta zutabe laukizuzenek bereizten dute. Habearteak kapitel lauko zutabeek bereizten dituzte, salbuespenen batean ezik.
Burualdea lerro zuzenean antolatua dago, duen izaera militarragatik. Horrek girola zuzen moduko zeharkako habearte bat eragiten du. Espazio hori hiru kontrahormarekin sostengatzen da eta horietan oinarritzen dira gangaren nerbioak. Gangak gurutze sinpleetakoak dira eta gangen giltzarriek erlijio-motibo desberdinak dituzte, Errege Katolikoen armarria nabarmentzen delarik.
KORUA
Ebanjelioaren aldamenean ebakitzen den arku eskartzanoa du. Hiru habearteak hartzen ditu eta karel kuadrifolioa du. Ezkerreko aldean eten egiten da dorrera iristeko tribunari lekua uzteko.
SAKRISTIA
XVI. mendekoa da, Errenazimenduko estilokoa, uzkurdura konopialak dituzten gurutze-gangako bi zatirekin, nerbioak toskanar estilo jonikoko zutabeetan oinarrituz. Giltzarrietan hainbat irudi daude: Ama Birjina Haurrarekin, Santa Ageda, San Gregorio, Santa Apolonia, Kristo eta Ebanjelariak.
BATAIATEGIA
Barneko azken barrundegi irekia bataiategia da. Pedro Ignacio Martinezen XIX. mendeko obra da eta brontzezko hesi batek ixten du eta kupula batek estalita dago.
ERRETAULAK
Erretaula nagusia
Erretaula nagusia Mateo de Zabalak 1646an hasi eta Pedro de Obrelek 1650ean jarraitutako obra da. Erretaula hori Barroko Klasizista bezala sailkatuta dago eta 1660. urte inguruan amaitu zen. Aurrez lana Lope de Larreari enkargatu zitzaion 1612an eta gaur egun badago bere lanen bat, Estibalitzeko Birjina kasu.
Gaur egun kontserbatzen den alderdia Vatikanoko II. Kontzilioaren ondorengoa da, erreforma desberdinak egin zirelako, adibidez, aldarea erretaulatik bereiztea, pulpitua, jaunartzeko mahaia, presbiterioa eta aldeetako zenbait aldare ixten zituzten hesiak kentzea.
Erretaulako eskultura eskasa da, bertan dauden aingeruetara mugatzen da.
Pintura inspirazio flandestarrekoa da, kalitate eta kolore onekoa. Lehen gorputzean Kristoren Bataioa eta San Joan Bataiatzailearen lepomoztea nabarmentzen dira; bigarren gorputzaren idulkietan Elizaren aitak eta San Frantzisko eta Santo Domingo; gorputz horren enkasamenduetan San Joan Bataiatzailea basamortuan, San Joan Ebanjelariaren emakume apokaliptikoaren begitazioa Patmosen; eta erdian, San Joan Bataiatzailearen jaiotza; zirian, Birjinaren koroapena eta bi aingeru.
Pietatearen erretaula edo Vera Cruz
Veracruzeko Kofradiari dagokio eta girolako epistolaren lehen zatian dago. Erretaula hori Elizan 1597an jarri zen.
Erdiko nitxoan Pietatea edo Bosgarren larritasuna dago eta 1590ean Pedro Ochoa de Chinchetruk agindu zuen egitea. Erretaula Martín de Arenaldek egin zuen 1669an.
Estibalizko Ama Birjinaren erretaula
Girolako Epistolaren aldearen lehen zatian dago eta Miguel de Zozayaren 1661eko lana da. Erretaula horretan Lope de Larreari esleitzen zaizkion bi erliebe daude, bai eta haur telamonak eta San Jose eta San Joakimen bi irudi ere.
Erretaularen erdiko guneko nitxo batean Estibalizko Ama Birjinaren irudia dago eta zurian, XVIII. mendeko San Joanikoren irudi bat.
Kristo berpiztuaren erretaula
Erretaula hori Mauricio de Veldiviesori esleitzen zaio eta Ebanjelioaren habeartean dago.
Mesedetako erretaula
Ebanjelioaren habearteari irekitzen zaion kapera txiki batean aldare rokoko bat dago eta bertan Andra Mari bat, janzteko mutilatua, Osasunaren Ama Birjina deiturikoa. Manuel de Basco apezpikuarekin erlazionatua dago.
Bakardadearen Ama Birjinaren erretaula
Girolan kokatua dago eta Manuel de Bascori 1863an ordaindu egin zioten hori zaharberritzeagatik.
Kalbarioaren erretaula
Hori ere girolan dago eta Baratzeko Otoitzaren, Ecce Homo eta Kristo Gurutzean eskulturak daude eta aldareko mahaian Kristo hilda azaltzen da; guztiak estilo modernokoak dira.
Santo Domingo eta San Frantziskoren erretaula
Ebanjeliorantz irekitzen den beste kapera txiki batean dago XVIII. mendeko erretaula hori bi zutabe salomonikorekin.
Pinturak erdialdean Santo Domingo eta San Frantzisko irudikatzen ditu, aldeetan eta bankuan bestelako irudiak dituelarik.
IRUDIAK
Sakristian XVII. mendeko erretaula neoklasiko bat dago, erdialdean Kalbarioa du eta horren aldeetan San Jose Haurrarekin eta Santa Ana liburuarekin dituela. Leku horretan Egileorreko Ama Birjinaren irudi bat dago, XIV. mendeko Andra Maria, zaharberritua eta oraindik ere XIII. mendeko tradizioa jarraitzen duena haurra bedeinkatzen ari dela. XVIII. mendeko San Joaniko eta arte popularreko Sortzez Garbi txiki bat ere badaude.
Epistolaren habeartean XVII. mendeko Kalbario bat dago eta Ebanjelioaren habeartean Fatimako Ama Birjina.
Ganbara batean XVII. mendeko San Joan Bataiatzailearen eta San Joan Ebanjelariaren tamaina naturaleko bi irudi daude gordeta.
PINTURAK
Barneko pinturak eragin flandestarrekoak (Rubens) dira eta Pedro Obrelek egin zituen.
Girolan XVII. mendeko tamaina handiko bi pintura daude. Horietariko batek San Pauloren Kristautzea irudikatzen du eta besteak, giltzak San Pedrori ematea.
Sakristian XVII. mendeko Kristoren pintura popular bat dago eta Andre Maria Doloretakoaren beste bat. Tamaina txikiagoko bi koadro ere azaltzen dira San Ignazio eta San Antonekin, XVII. mendekoak dira.
Ganbara batean gordeta daude XIX. mendeko Sortzez Garbi bat eta XVII. mendeko pintura popular bat.
ORGANOA
Koruan dago eta Juan Monturusek egina da. Kutxaren eraikuntza Gregorio Dombrasasen XIX. mendeko lana da.
1803ko organoaren pintura eta doratuari buruzko erreferentziarik badago.
BARNEKO KAPERAK
Barnean hiru kapera daude: San Gregorio, Karmengo Ama Birjina eta San Frantzisko Asisekoa. XVI. mendean eraiki ziren eta familia fundatzaileak arduratzen ziren apaintzeaz eta erretaulez.
San Gregorio kapera
Juan Saez de Vicuñaren 1610eko testamentuan familia horrekin lotzen duen kapera hori sortzearen erreferentzia bat azaltzen da. 1598an eraiki zen. Kapera horretan Ordoñana, Vicuña, Larrinzar eta Zuazotarren armarriak ikus daitezke.
Habearte nagusian Sortzez Garbiaren irudia dago.
Eskulturaren erretaula XVII. mendearen hasierakoa da eta, Andres Ordaxek dioenaren arabera, Lope de Larreak eraiki zuen, 1610ean amaituta zegoela pentsatuz. Erdian San Gregorioren irudi bat du eta aldeetan mentsulen gainean, San Esteban, San Joan Bataiatzailea, Santa Elena eta Santa Eskolastika daude. Hori guztia Juan Saez de Vicuñaren armarriarekin errematatua.
Karmengo Ama Birjinaren kapera
Gurutze Santukoa ere deitzen zaio leinu horretakoa zelako, 1598an altxa zen. Habearte nagusian Kristo Berpiztuaren irudia dago.
Kapera horretako erretaula ere Lope de Larreari esleitzen zaio. Eszena nagusia Karmengo Ama Birjinak San Simon Stocki eskapularioa ezartzearen irudiak osatzen du, San Joan Bataiatzailea, San Buenaventura, Santo Domingo eta San Frantzisko lagun dituela. San Kristobal eta Purgatorioko Arimak ere han daude.
Kapera horretan Santa Teresaren XVII. mendeko busto erlikitegi bat ere badago.
San Frantzisko Asisekoaren kapera
Kapera hori Zumalburu familiarena zen eta aurrekoetatik hesirik ez duelako desberdintzen da.
Bertako erretaula XVIII. mendekoa da eta fundatzailearen armarria eta erdian Santuaren irudi bat ditu, ezaugarri neoklasizista nabariekin.
Aldeetako pinturak kalitate ertainekoak dira.
