Ondarea eta Turismoa
Udala
Herritarra
Agurain On
Agenda
Santa Maria Eliza
Eliza hiriaren iparraldean dago, Salvatierra/Aguraingo Santa Maria deituriko sarreraren aldamenean.
San Joan Elizaren modura, defentsako toki bezala eraiki zen. Burualdeko beheko zatian aurkitutako hondarrek erakusten dute aurreko eliza baten gainean eraiki zela. XV. mendearen hasiera arte eliza izen bereko sarreraraino iristen zen, aldi beren kanpandorrea ere bazen dorrea okupatuz. Gaur egungo elizaren eraikuntza XV. mendean hasi zen aurrez eraikitako tenplua aprobetxatuz eta XVI. mendearen bigarren erdian amaitu zen. Ayalako Jaunen gotorlekuak horren eraikuntza baldintzatu zuen eta horregatik gailentzen da harresiaren gainetik ekialdean.
1562an oinaren plano bat azaldu zen lurpeko hilobien banaketarekin eta horietariko bakoitzaren aldarerako distantziaren araberako kostuarekin.
Sartzeko horma-atala ez da fatxada nagusia, alde batekoa baizik. Fatxada horretan eraiki da zurezko estaldura duen elizatari bat.
KANPOKO FABRIKA
Altuera handiko nukleo laukizuzen bat bezala eratzen da. San Joan Elizak bezala, erronda-bideko barruti guztia inguratzen du eta horrek gotorleku funtzioa zuela adierazten du. Epistolako guneko errondako ibilbide horrek karel altu bat eta teilatutxoa zituen, beraz, estalia zen. Burualde poligonalean erdi-puntuko arkuak daude eta oraindik ere gezileihoen, karelen eta beste hainbat elementuren aztarnak daude. Horrek adierazten du XVI. mende inguruan eraiki zela.
Ebanjelioa horma jarraitua da, hiru sektoretan banatua. Lehenengoa harresiaren parte da eta ertz txiki bat du erremate gisa. Bigarren zatia horma lau bat da kiribildura bikoitza duten eta Eliza inguratzen duen adarbeari lekua uzten dioten arku zuzenak dituzten kontrahormekin agerian utziak. Horren gainetik dago horma sinple bat duen hirugarren zatia. Gune horretako adarbeak gainerako Eliza baino beranduagoko estiloa du.
Horma horren kanpoaldean alde bietan sinboloak dituen karatula itsusi bat dago. Era berean, Zuazotarren armarria azaltzen da, barneko beren Kaperari dagokiona.
Epistolaren aldean leihoak eta idi-begiak ikusten dira eta kapera nagusiaren erdian, leihate luze eta itxia.
Ekialdeko fatxada ezpataina batekin eta zentratua ez dagoen ate batekin errematatua dago. Erdiko habeartea altuera handiagokoa da aldeetako habearteetako erlaitzak lore-formako moldurekin apainduak daude. Muturretan kontrahormak daude. Eskuineko kontrahorman XVII. mendeko bi ezpataina daude. Handienean “Año de 1686/XPTUS/REX VENIT IN PACE ET/VERBUM CARO FACTUM EST” inskripzioa dago. Portalea XVI. mendearen hasierako estilokoa da eta zango eta baketak dituzten eta zuzenak diren arkiboltak ditu. Portaleko habeartean San Joanen irudi bat dago Ama Birjinarekin errematatua.
Hegoaldeko portaleak arkiboltetan aurrekoaren estilo baketonatu eta molduratu bera du. Baoa zuzena da eta errosetak ditu. Teilatua duen elizatari bat eratzen du bi zutabe oktogonalekin eta agian 1795ean sortuko zen.
BARNEALDEAREN BANAKETA
Bere estiloa gotikoaren azken aldikoa da.
Hiru habeartetan banatua dago eta altuena erdikoa da. Pilareak zilindrikoak dira atxikitako zutabe txikiekin Epistolako habeartearen laugarren zatira iritsi arte. Mota horretako pilareek, presbiteroan bezala, faszikulatutako baketak dituzte.
Gangak tipologia desberdinetakoak dira. Burualdekoak zaharragoak dira, kapera nagusian erradialak eta gurutzeri sinplekoak ondoko zatian. Gainerakoak gotikoaren amaierakoak baina beranduagokoak dira eta ez dute gurutze-nerbiorik. Aldeetako habearteak estuagoak dira eta gurutze-gangak dituzte, habeartearen azken zatikoek ezik, horiek tertzelete oso apainduak baitituzte. Gangen giltzarriak oso desberdinak dira.
KORUA
Obra platereskoa da, Gasteizko Santo Domingoko eredua jarraitzen duena, eta lan horretarako Sancho Martinez de Arego eta bere seme Pedro Maestre kontratatu zituzten 1530eko otsailaren 10ean. Koruak erdiko habeartearen zabalera hartzen du eta aldeetako bi hegaletan zabaltzen da, habearte txikiagoetan bana.
Koru horrek aurrekoa ordezkatuko zuen, non armarri inperial bat jarri zen 1521ean. Sotokoruan gurutze-ganga plateresko bat dago Sortzez Garbiaren Jasokundearekin erdian eta ondokoekin gainerakoan: Lau ebanjelariak, sei apostolu, hamabi errege-buru eta hamabi erregina-buru inskripziorik gabe.
Aurrealdeak eta alde batek apaindura plateresko ugari dituzte. Aurrean, arku eskartzano moduan irekitzen da erdian armarri inperiala duelarik uztarria eta geziak eta Salvatierra/Aguraingo armarriak dituzten bi zutaberekin enkoadratuta. Horretaz gain, enblema militar eta kerubin-buruekin apaindua dago. Alde batean apaindura arku zorrotz zuzena bezala kokatzen da. Arkuarteetan, medailoi eta pilastren aldeetan dekorazio platereskoa du argimutilean eta kartela batean, ezkerrean, “ONIA PRET” inskripzioa, “guztia pasatzen da” esan nahi duena, horren burezurrekin erlazionatua; eta Adan eta Eva hurrengo pilastran azaltzen dira.
BATAIATEGIA
Hasiera batean, bataiarria presbiterio batean egon zen, kapera propiorik gabe. Baina 1802an badago aipamen bat non presbiterioa jaitsi eta bataiarria ateratzea gomendatzen den, bere laranja erdiarekin kapera bat eginez hesiaren eta leihoko burdin hesiaren ondoan. Beraz horma Elizaren oinetan puskatu zen fatxadatik irteten zen kapera bat eraikitzeko. Harrizko kupularekin estalita dago eta hesi bat egin zen, XVII. mendeko eredua jarraituz Ama Birjinaren enblemarekin.
XIX. mendean kupula batekin estalitako eta Miguel Marcoletak egindako bataiategia ireki zen.
SAKRISTIA
XVII. mendeko eraikuntza da, oin laukizuzena, ganga eskifatua eta burdineria gotikoko ate bat ditu. XVII. mendeko elementuak, tiraderak eta 1759ko estilo jonikoko ikuztegia nabarmentzen dira.
ERRETAULAK
Erretaula nagusia
Lope de Larreak sortutako Errenazimenduko obra, 1584an hasi zuen eta 1592an amaitu zuen lehen gorputza eta bere heriotzaren urtean, 1623an, gutxienez azken gorputza falta zenez Francisco Forondak amaitu zuen.
Pintura Diego Perez de Cisnerosek egin zuen eta Diego Ximenez eskultoreak amaitu zuen erretaularen tailatzea.
Hiru kale nagusi ditu, bi kalearte eta ziria erdiko kalean. Horizontalki bankua eta hiru gorputz ditu, gainjartzen diren zutabe joniko, korintio eta konposatuek bereizita.
Ama Birjinari eskainita dago.Erdiko Kalean agertzen da eta Kristoren haurtzaroko erliebe handiak daude aldeetako kaleetan. Bankuan ebanjelariak, Elizaren aitak eta apostoluak daude.
Erliebeetan lehen gorputzekoak nabarmentzen dira, Jasokundeari, Ama Birjinaren koroatzeari eta Kalbarioari eskainitakoak. Eskulturen artean, lehen gorputzean dagoen Ama Birjina azpimarratu behar da, Haurra besoetan duelarik bedeinkatzen.
Kalearteetan San Pedro, San Paulo, San Jose eta San Joakim, David eta Moisesen eskulturak daude.
Bankuan ebanjelarien, eliza latinoaren aiten eta apostoluen eskulturak daude, guztiak aingeruen artean kokatuak.
Atikoan Kristo gurutzean dago Ama Birjina eta San Jose lagun dituela. Atikoko Kalbarioa tinpano triangeluar batean amaitzen da. Bertan, Jainko Aita dago lur-globoarekin
Andre Maria Arrosariokoa
Gaur egun Ebanjelioaren habearteko buruhorman jarrita dago. Ama Birjina horren Kofradia 1571n sortu zen nahiz eta 1597. urtera arte ez zen eratu.
Eskultorea Lope de Larrea izan zen eta bere inguruan sei aingeru daude beren arrosarioekin.
Arkitektura sinplea da lehen gorputzean zutabe korintiarrekin eta bigarrenean ardatz-formakoekin. Erdiko nitxoan Haurra bezala barrokoko lehen aldiko estiloa duen Ama Birjina dago eskua luzatuta arrosarioa zintzilik duela.
Bankuan eta aldeetako kaleetan arrosarioaren hamabost misterioak, Santo Tomas otoitz egiten eta San Frantziskoren Estigmazioa daude.
Mirabetzaren Ama Birjina
Epistolako habeartearen buruhorman dago eta XVII. mendeko data du. Ama Birjina horren Kofradia 1643an sortu zen eta irudia aurreko Santa Anaren aldarearen ondoan jarri zen.
Jesusen haurtzaroko pinturak dituen dekorazio barrokoa nabarmentzen da. Sigi-saga dabiltzan ildaskak eta landare-dekorazioa duten zutabe korintiarrak ditu.
Erdiko nitxoan XIV. mendeko Andra Mari gotiko bat dago alde baterantz eserita eta Haurra liburu batekin.
Erretaula osoa pinturazkoa da, nitxo neoklasikoko Jesus Haurtxoa ezik, eta aldeetan San Nikolas eta Santa Ageda daude.
IRUDIAK
Maria Magdalena
Epistolaren habeartean kokatua dago.1600. urtean Lope de Larreak egin zuen eta Magdalenako ospitale zaharretik ekarritakoa da.
Liburu batekin dago eta estilo protobarrokoa du.
Sortzez Garbia
Epistolako habearteko arku ireki batean dago. Pentsatzen da 1698an dohaintzan eman zela eta 1792. urtean lau kornukopiarekin apaindu zela.
Santa Barbara
XIX. mendean berriz margotu zen eta Epistolako habeartean jarri zen. 1835ean lekuz aldatu zen Opakuako bideko baseliza hondatu zenean.
Sallurtegiko Ama Birjina
Nitxo batean jarrita dago ebanjelioaren habeartean. XIII. mendeko Andra Maria da, baseliza beretik ekarria. Ama Birjinak lore bat du eta Haurrak lur-globoa eta bedeinkatzen ari da.
Jesus Haurtxoa
XVIII. mendekoa da eta San Frantzisko kaperakoa da. Pixka bat neurriz kanpokoa da.
Kristo berpiztua
Bataiarriaren kaperan dagoen irudi barrokoa.
Beste batzuk
Epistolako habeartean, Kristoren irudi bat.
Ebanjelioarenean nitxo bat Lourdesko Ama Birjina eta Gurutzean jarritako bat duela.
Kaperetan, Santa Ritaren eta Jesusen Bihotzen irudiak.
Koruan San Jose, Familia Santua, Ama Birjina bat Haurrarekin eta Pilarreko Ama Birjina.
PINTURAK
Sakristian Kristoren XVIII. mendeko oihala eta Ama Birjinaren eta Kristoren XVIII. mendeko bi koadro.
San Roke kaperan, XVIII. mendeko Sallurtegiko Ama Birjinaren irudia honako legendarekin “Rto. De Nº Sº de Sallúrtegui. Patrona de la tierra de Salvatierra en la muy noble y leal Provª de Álava''.
Bataiarriaren kaperan Kristoren Bataioa.
