Ondarea eta Turismoa
Udala
Herritarra
Agurain On
Agenda
Udal Banda
Hasiera bateko musika taldeak Elizari lotuta zeuden, bereziki organoa zutenak.
Bandaren Bloga:
www.bandaagurain.blogspot.com
Organistak herritarrak musikan hezitzeko arduradunak ziren eta horrela sortu ziren solfeo eta parrokiako abesbatzaren lehenengo klaseak; horrela adierazten baitute San Joan elizako XV. eta XVI. mendetako kodizeek.
Agurain gune musikal garrantzitsua zen Lautada mailan bertako bi elizek ‘oposizio bidezko organista titularrak’ zituztelako. Organista horiek irakasle aritzen ziren eta batzuetan Musika Banda zuzentzen zuten.
Lehenengo Karlistadaren ondoren, Gaztelako errejimentuak Agurain hartu eta 1840an lehenengo Musika Banda sortu zuen. Bandak armada udalerrian egon zen bitartean iraun zuen.
1852an Udalak hainbat musika-tresna erosi zituen organistek zuzendutako Musika Banda sortzeko. Bestalde, Udalbaltzak lau gazte aukeratu zituen musika klaseak jasotzeko. Denbora pasa ahala, musika-tresna eta musikarien kopurua handituz joan zen. Ordutik aurrera Aguraingo jai eta ferietan Udaleko Musika Bandak jotzen zuen.
1907an, Ramon Sagasti Jaunak Banda berregituratu zuen eta jada erabiltzen ziren 18 musika-tresnei dunbala eta txindatak gehitu zitzaizkion. Beraz, hogei musikari ziren.
1933. urtean, Udalak Musika Banda desegin zuen musika-tresnen mantentze lanak oso garestiak zirelako. Hala ere, Ramon Sagastiren ahaleginei esker 1935an berriro jarri zen martxan herriko festak eta jaiak animatzeko asmoz.
Guda Zibilaren ostean, 1945ean, berriro ere Ramon Sagastiri esker, Udal Banda berregituratu zen eta bere lekua hartzen hasi zen. Bandaren zeregina festak eta erromesaldiak animatzea zen baina baita igandeetan kontzertuak ematea ere. Hasierako kontzertu horietan Txistularien Udal Bandarekin jotzen zuten eta geroago jazbanarekin.
1951tik geroztik, bandako zuzendari berria izendatu zen: Pio Arana. Arana 1967. urteraino aritu zen zuzendari, urte horretan berriro banda desegin zelako udalarekin arazoak izateagatik.
Pio Arana, bandako zuzendari lanetan aritzeaz gain, musika irakasle eta ‘Orquestina Salvaterranaren’ (Aguraingo jazbana) zuzendaria izan zen ere.
50. hamarkadaren bukaeratik, ‘Los Balas’ koadrillak udalerriko kaleak animatzen zituen bandako musikari gazteen laguntzaz eta geroago kontratatutako txarangekin.
1972. urtean, une horretan zegoen musika giro ezaren ondorioz, musikari talde batek ‘Aguraingo herriko Txaranga’ sortzea erabaiki zuen. Taldea desegindako bandaren kideek osatzen zuten eta zuzendariak Victor Garcia de Vicuña eta Jose Luis Gorospe ziren. Azkenengo hori partituretaz arduratzen zen. Udalerrian bertan eta inguruetan emanaldiak egiten zituzten eta txaranga horretatik Aguriango hainbat herritar pasa ziren.
90. hamarkada hasterakoan, Kepa Pinedok Musika Banda eta Txistularien Bandaren zuzendari kargua hartu zuen. Aldi berean Musika Eskolaren irakaslea zen. Zuzendari honek bandaren kalitate musikala hobetu eta errepertorioa zabaldu zuen, estilo ezberdinetara egokituz.
Gaur egun Bandako musikariak profesionalak ez diren arren, ekintza hori lana edota ikasketekin batera egiten dutelarik, Euskadin ezagunak dira hainbat lekuko festak animatu dituztelako; Vitoria-Gasteiz, Donostia, Altsasua, Bazas (Frantzia), Elche de la Sierra (Albacete) besteak beste. 55 musikarik osatzen dute Banda eta gehienak Udal Musika Eskolan ikasiak dira.
2000.urtean Musika Bandak 160. urteurrena ospatu zuen.
