Ondarea eta Turismoa
Udala
Herritarra
Agurain On
Agenda
XIV, XV eta XVI. mendeak
Nekazaritzako produkzioaren geldialdi baten ondorioz Mendebaldeko Europa guztian “Berant Erdi Aroko krisia” gertatu zen.
Egoera hori Arabako Lautadan areagotu egin zen larreak ez zirelako nahikoak eta guneko abeltzaintzari ere eragin zion. Horren guztiaren ondorioz nekazarien produkzioak eta sarrerek behera egin zuten jauntxoei errenta ezin ordaindu izatera iristeraino. Horrek uzta txar eta epidemiekin batera Salvatierra/Agurain inguruko hainbat herrixka desagertzea eragin zuen XIV. mendearen bigarren erdian eta XV.ean.
1367an Pedro I.ak eta bere anaiorde Enrike Trastamarakoak eragindako Gaztelako Erresumako gatazkak Lautadaraino ekarri zuen gatazkaren erdigunea. Pedro I.a bere aliatu ingeles eta gaskoiekin batera Burundako gunera hurbildu zen; bitartean, Enrike Trastamarakoa Ebro ibaia zeharkatuz Trebiñoko Konderriko mendietan kokatu zen. Pedro I-aren tropak hiribilduan asentatu ziren bertako aberastasunak aprobetxatuz.
1368an, Gaztelako Erresuman oinordetzaren ondorioz zegoen gatazka aprobetxatuz, Karlos II.a Nafarroakoak Arabako hainbat hiribildu okupatzea agindu zuen, Salvatierra/Agurain barne. Hiribilduko biztanleak okupazioaren aurka agertu ziren. 1369an eta Enrike II.a Gaztelako tronuan berriz jarri ondoren, Aita Santuari eskatu zioten udalerri horiek Gaztelari itzultzeko eta hark 1373an onartu zuen.
1382an Gaztelako Erresumak hiribilduaren gobernua Ayala Etxeari laga zion Konderri tituluarekin, bai eta maiorazgoaren bitartez oinordetzan uzteko eskubidea ere. Lagapen hori ez zen Salvatierra/Aguraingo biztanleen gustukoa izan, Enrike II.a Erregeak eta bere oinordeko Joan I.ak Koroa bateratua eta jaurerrietatik aske mantenduko zutela agindu baitzuten. Hiribilduko biztanleek lehen aipaturiko erregeei salaketa jarri zieten, baina Ayala Etxeak udalerria 139 urtetan gobernatu zuen.
Nobleen aurka borrokatzeko hiribilduetako nukleoetan Ermandade deituriko taldeak sortu ziren. 1443an Arabako Ermandadeek Pedro Lopez de Ayala Salvatierra/Aguraingo jauntxoa setiatu zuten. Konde horrek, Pedro Fernandez de Velasco kondearen laguntzarekin, Ermandadeak garaitu eta bertako kideak desagerrarazi zituen.
1521. urtean Salvatierra/Agurain hiribilduak orduan bertako Konde zen Pedro Lopez de Ayala Komunitateen gerran babesteari uko egin zion Kondearen setioari aurre eginez alkate zen Martín Martinez Oquerruriren agindupean.
Kondeak gerra horretan parte hartu izanaren ondorioz, Karlos I.a enperadoreak Ayala Etxeari bere hiribilduaren gaineko eskubideak kendu zizkion eta Salvatierra/Aguraini Hiribildu Leialaren titulua eman zion.
1492an Errege Katolikoek judutarrak Espainiako lurralde guztitik kanporatu zituzten eta gauza bera gertatu zen hiribilduan. Salvatierra/Agurainen komunitate judutarraren lehen erreferentzia Joan I.ak Pedro Lopez de Ayalari emandako lagapen-kartan ageri da. Komunitate hori Arramel auzoan kokatzen zen eta nahiz eta bere biztanleria ez zen oso ugaria, inguruetako gune hebrear garrantzitsuenetariko bat zen eta aljama deitzen zitzaion. Ziurrenik komunitate hori gainerako biztanleriarengandik oholesi baten bitartez bereizia egongo zen eta Chiquito Atetik sarrera independentea izango zuen.
Erdi Arotik Aro Modernorako trantsizioa Ayala Etxeko gobernua desagertzeak markatzen du, orokorrean aldaketa sakona eragin baitzuen. Krisialdi baten ondoren, ekonomia berpizten hasi zen, nagusiki hiriguneko nekazaritzako eta merkataritzako jarduerak sustatuta. Garapen hori demografiaren gorakada batek lagundu zuen, pertsona asko gunean finkatu baitziren ekonomiaren susperraldi horrek erakarrita.
Hala eta guztiz ere, oparotasun-aldi hori XVI. mendearen erdialdean zapuztu zen peste epidemiaren eta 1564ko sutearen ondorioz.
