Ondarea eta Turismoa
Udala
Herritarra
Agurain On
Agenda XIX. mendea
Garai hori Euskal Herri guztian gertatu ziren eta zuzenean Salvatierra/Aguraini eragin zioten gizarteko, ekonomiako eta gerrako gertakariek markatu zuten.
Krisi ekonomikoa nekazaritzako ustiapen-sisteman aldaketarik ez egotearen ondorioz gertatu zen. Krisi hori ongarria sortzen zuen abeltzaintza handitu gabe nekazaritza gehiegi ustiatzeak eragin zuen.
Horretaz gain, Euskal Herrian gizarte eta ideia aldaketa batek Antzinako Erregimenetik Sistema Liberal burgesera pasatzea eragin zuen eta horregatik gatazka desberdinak sortu ziren: Karlistak legitimisten aurka, tradizionalistak liberalen aurka, elizjendea elizaren aurkakoen kontra, foralistak konstituzionalisten aurka, landa hiriaren aurka, etab.
Aldi horren hasieratik hainbat borroka egon ziren 1795ean Frantziako tropek Konbentzio iraultzailearekin, 1808an Independentzia Gerrarekin ondoren eta 1876an Bigarren Karlistadekin amaitu zena.
Konbentzio erreboluzionarioko Frantziako tropak Euskal Herrian 1795ean sartu ziren eta gertakari horrek asko eragin zion Salvatierra/Aguraini, 7 egun iraun zuen arren 100.000 erreal ordaindu behar izan baitzituen gerrako eta 53 bizilagun soldadu gisa bidaltzeko gastuengatik. Data horretatik aurrera gerra-gatazka desberdinen aldi bat hasi zen.
Independentzia Gerrak aztarna handia utzi zuen hirian, frantsesak Gasteizen garaituak izan ondoren bertatik pasa zirelako dena lapurtuz, arkitektura-ondarearen zati bat hondatuz eta bertako biztanle batzuk hilez. 1813. urtera arte iraun zuen gerra hori izan zen, zalantzarik gabe, hiribilduarentzako ondoriorik kaltegarrienak izan zituena.
Gertakari hori 1807an hasi zen, Napoleonen tropek Araba 1813. urtera arte kontrolpean hartu zuten urtean. Hiribilduko biztanleek hasieratik lurraldea okupatzen zuten tropak ez zituzten onartu eta 1808ko altxamenduaz geroztik talde gerrillariak babestu zituzten. Hala ere, klaserik indartsuenek frantziarrak babesten zituzten ideologia aurrerakoiagatik.
Frantziako soldaduek moja klaratarren komentua okupatu zuten Salvatierra/Aguraingo biztanleria beren gastuengatik aparteko zergak ordaintzera derrigortuz. Frantsesak 1813ko Gasteizko guduan garaitu ondoren, erretiran zihoazen tropek hiribilduan dena lapurtu zuten.
Beranduago, tifusaren eta baztangaren epidemiek biztanleria nabarmen kaltetu zuten.
Karlistadek ere ez zioten onik egin hiribilduaren momentu txarrari. Amaitu ondoren, Salvatierra/Agurainek aurre egin ezin zien zorrak zituen, beraz, lurrak, basoak, errotak saldu eta gizonak eta materialak jarri behar izan zituen fronteko puntu batzuk defendatzeko.
Fernando VII.a berriz ere erresumaren buruan jarri zenean liberalen eta kontserbadoreen arteko gatazkak hasi ziren, 1812ko Konstituzioa izaera oso liberalekoa baitzen, aldiz, Erregea tradizionalista. 1814an 1812ko Konstituzioa baliogabetu zen eta euskal foruak ezarri ziren berriz, ideia berritzaileei aurre eginez. Hala eta guztiz ere, 1820an Riego jeneral konstituzionalistaren altxamendua gertatu zen, Hirurteko Liberala deituriko aldia irekiz.
Momentu horretan Araban iraultza bat hasi zen non Foruak kentzearen aurka azaltzen ziren, Fernando VII.aren tradizionalismoa defendatuz. Salvatierra/Agurainen altxamendu desberdinak egon ziren bando baten eta bestearen artean eta 1823an Frantziako San Luisen Ehun Mila Semeen tropek inbasioarekin amaituz. Gertakari horrek absolutistak itzultzea eragin zuen.
1833an Erregea hil zenean, berriz ere oinordetzagatiko liskarrak sortu ziren. Aurreko absolutistak karlistak deitzen hasi ziren, tronura Erregearen anai Karlos V.a igotzekoaren aldekoak baitziren; lehengo liberalak kristinatarrak deitzen hasi ziren, bere alaba Isabel II.a adin-nagusitasunera iritsi bitarte erregina alargunaren erregentziaren aldekoak zirelako.
Nahiz eta Salvatierra/Aguraingo biztanle gehienak karlistak ziren, hiribilduan hainbat liskar egon ziren, hortik Gasteiz bitarteko gunea baitzen Euskal Herriko lurralde liberal bakarra. 1835ean Zumalakarregi jenerala buru zuten karlistek gunean asentatutako liberalak kanporatu zituzten. Momentu horretan jasan zuen kalterik handiena, bere harria karlistek Guevara gaztelua indartzeko erabili baitzuten.
Zumalakarregiren heriotzaren ondoren liberalak nagusitzen hasi ziren, bando batek ere aurrera ez egiteko punturaino. Beraz, karlistak konponbide bakarra akordio batera iristea zela pentsatzen hasi ziren berez pobretutako herrialde bat oraindik gehiago hondatzen ari zen gudu bat amaitzeko.
1839ko abuztuaren 31n bando bietako jeneral ziren Espartero eta Marotok bakea sinatu zuten arren “Bergarako besarkadarekin”, irailaren 25a arte karlistek ez zuten Salvatierra/Agurainen indar liberalen aurrean amore eman.
1840tik 1872 bitarte, bake-urte batzuk izan zituzten, nahiz eta karlisten eta liberalen arteko norgehiagoka etengabekoa izan zen, berriz ere Foruak ezarri zirelako. Aldi horretan boteretsuenei onura ekarri zion susperraldi ekonomiko txiki bat egon zen. Eta gerraren ondorioz hartutako zorraren ondorioz Partzuergoko zuhaizti ugari beste udalerriei saldu behar izan zizkieten.
Bigarren Karlistadak estatutan gatazka sozio-politiko bat eragin zuen 1868an, Araban eragin oso txikia izan zuena. Hala eta guztiz ere, azpimarratu behar da karlisten porrotaren ondoren euskal Foruak 1876an indargabetu zirela eta politika liberala ezarri zela.
Beranduago, 1885ean, kolerak hiribildua nabarmen kaltetu zuen, edonolako ospakizunak bertan behera uztea eraginez. Ganadu Feria ezik, hori azarora arte atzeratu baitzuten.
Gatazka horien ondoriorik azpimarragarrienak honakoak izan ziren: Hiribilduko giza galerak eta tropen gastuei aurre egiteko zailtasun ekonomikoak. Adibidez, tropa karlistak elikatzeko astero 5.000 anoa-ogi, -ardo eta -haragi eta zaldientzako 1.500 anoa-pentsu hornitzeko betebeharra zuten; horretaz gain, 1976an Udalbatzako kideak kartzelaratu zituzten gastu horiei ezin zietelako aurre egin.
Ondarean eragindako galerak ugariak izan ziren: harresia suntsitzea, udal artxiboko kalteak, elizetako apaindurak eta liturgia-materialak desagertzea frantziarren erretiradan, udal liburuak hondatzea hirurteko liberalean, etab.
Bigarren Karlistada amaitu zenetik aurrera pixkanaka ekonomikoki errekuperatzen joan ziren. Sarrerak lortzeko modu berri bat Partzuergoko basoa berriz ustiatzea izan zen.
Mende horretan garaiko berrikuntza teknologikoak sartzen hasi ziren eta ondokoak izan ziren batzuk: Nafarroarekin hiribilduaren hegoaldetik komunikatzeko errege-bidea ezartzeko saiakera bat merkataritzako helburuarekin, Lautadako trenbidea, kaleak argiztatzeko lehen saiakerak, edateko uraren sarea, etab.
Aurrerapenik garrantzitsuenak bi izan ziren: Salvatierra/Agurain Nafarroarekin lotzen zuen bidea egitea, hasiera batean hiribilduaren erditik pasatzea nahi zena, horrek bi ate garrantzitsuenetarikoak diren San Joan eta Santa Mariako dorreak eraistea suposatzen zuen, irisgarritasuna hobetzeko; hala eta guztiz ere, azkenik hiriaren hegoaldean kokatzearen aldeko aukera egin zen, gaur egun Foru kalea deitzen denean. Beste gertakari gogoangarri bat trenbidea izan zen 1864an Madril-Irun ibilbidea inauguratu zelarik.
