Ondarea eta Turismoa
Udala
Herritarra
Agurain On
Agenda XX. mendea
XX. mendea oraindik ere aldaketa-garaia da Salvatierra/Agurainen.
Aurreko mendean hasitako izpiritu higienistak mentalizatuta, hiribildua modernotasunean sartu zuten aldaketa erabakigarriak hasi ziren. Aldaketarik garrantzitsuenetariko bat 1902. urtean erdigunean oliozko farolak farola elektrikoengatik aldatzearekin hasi zen eta 1912an amaitu zen gainerako hiribilduan. Beste gertakari azpimarragarri bat ura harresi barneko hiribilduraino eramatea izan zen. Ordura arte bizilagunek arazoak ura harresietatik sartzeko bakarrik zituzten eta arazo hori iturriak, edanlekuak eta ikuztegiak eraikita konpondu zen, bere putzu propioak zituzten jauretxeak alde batera utzita. Arazoa konpontzeko hainbat proiektu ondoren, 1905an lortu zen mendietako ura aprobetxatzea, burdinazko hodien bitartez sartuz. Iturri horietariko batzuk San Joan plazakoa, Santa Mariakoa eta “Pañuela de los Caños” deiturikoa dira.
Hala eta guztiz ere, Salvatierra/Agurainek mende horretan izandako aldaketarik handiena nekazaritzarekin batera bizi diren fabrikak ezartzea izan zen. Hori aurreko artisau-ofizioen mekanizazioak eragin zuen, teileria industrialak eta irinaren industria kasu.
1932an, harresiz kanpoko espazioa ia ez zegoen okupatuta, Eras de San Juan, San Martin, San Jorge eta Santa Maria salbuetsita. Harresi-barruan, Zapatari kalea, Harategi kalea eta Santa Maria elizaren ingurua ziren biztanle gutxien zituztenak.
1936an, Gerra Zibila hasi ondoren, “Gerra Gurutzatua” edo “Gurutzada” ere deiturikoa, uztailaren 26an Udalbatzako ideia errepublikarrak zituzten kideak kargutik kendu ziren, zinegotzi bat ezik, Julian Ibañez de Opacua ideia tradizionalistak zituena eta alkate izendatu zutena. Jarraian, ideologia bereko beste lau bizilagunekin batera Udal Kudeaketa sortu zen.
Urte bereko irailaren 20an hiria hunkitu zuen gertakari bat gertatu zen. Gobernadore Zibilaren bisita zela-eta, Udaleko hiru kargu kendu ziren, alondegiko arduraduna, gordailuzaina eta aguazila euskal nazionalistak izateagatik. Beranduago, Espainiako Defentsa Nazionaleko Batzordean dekretu bat argitaratu zen non mugimendu militarraren aurkako udal enplegatuak bereizi, kargutik kendu eta agirakatu zitezkeen.
Gerran zehar eta beranduago mehatxuak, atxiloketak, isunak eta erbesteratzeak egin zitzaizkien askatasun-garaian alderdi politiko demokratikoetan afiliatuta egon ziren biztanle bakezaleei. Horretaz gain, 1938tik aurrera mezetara joatea orokortu egin zen, bertara joaten ez zirenak ezarritako Erregimenarekin ados ez egotearen susmopean jartzen baitziren.
Frankismoan zehar hirian Falangearen Aldeko Gaztediaren Frontea sortu zen. Erakunde hori ikastetxeetan jarduten zen Espainiako izpiritu nazionalean hezteko. Igandetan mezetara falangearen uniformearekin jantzita joaten ziren eta leku gailenean kokatzen ziren eraketa paramilitarrarekin. Lokalak inauguratu zituzten gazteak erakartzeko astialdiko hainbat jarduerarekin. Hala eta guztiz ere, hiriko bizilagunak ez ziren erakunde politikoetako kide izatearen aldekoak.
1950ean Goyena sozietatea eratu zen, Ekintza Katolikoaren filiala, bazkide ugari bilduz, ustez ez zuelako inolako izaera politikorik. Hala eta guztiz ere, urte batzuk beranduago disolbatu egin zen Gaztediaren Fronteari egiten zion konpetentziagatik. Azken horrek Frankismo guztian iraun zuen, hirikoa gazte-elkarte bakarra zelako.
XX. mendearen bigarren erditik aurrera, Erregimen Frankistaren nazioarteko isolamendua amaitu ondoren, herrian industrializazioa hasi zen, nahiz eta Arabako beste udalerri batzuetan baino eskala txikiagoan izan. Metalurgiaren sektorea izan zen nagusi Salvatierra/Agurainen, beste eskualdeetako etorkinak erakarriz. Horrek herriaren hazkundea eragin zuen, hegoaldean auzo berriak eratuz, industriak gune horretan kokatu baitziren trenbidetik gertu zegoelako.
Hiriaren hazkundea urte horietan handia izan zen arren, harresien barneko zatiak bere jatorrizko forma mantendu du.
Salvatierra/Agurain bere biztanleria handitzen joan zen heinean, aisialdirako guneak egokitu ziren, bai eta zerbitzu-sektorekoak ere (hezkuntza, turismoa, erabilera anitzeko Harresi aretoa, etab.).
Era berean, Araba Frantziarekin lotzen zuen errepidea egin ondoren, XX. mendearen amaiera arte, errepide horren saihesbidea egin zen herriaren hegoaldean. Horrela, Salvatierra/Aguraingo trafikoa gutxitu zen bere biztanleen erosotasunerako.
Azken urteetan, Salvatierra/Agurainek oraindik ere eraldaketak jasan ditu aldaketa berrietara egokitzeko, hala hirian nola industrian. Mende-aldaketan, XX.etik XXI.erakoan, herriak bere industrigunea handitu du eta gaur egun hiru industrialde daude mendebaldean eta hego-mendebaldean. Nahiz eta metalurgia-sektorea den oraindik ere nagusi, azken urteetan elikadura, logistika eta beste hainbat sektore azaldu dira. Gaur egungo industrialdeak Litutxipi, Agurain eta Galzar dira, azken hori berriki sortutakoa.
Etxebizitzetarako auzo berriak ere sortzen ari dira hiriaren ekialdean. Auzorik zaharrenak ere hobetzen ari dira parke, aparkaleku eta beste hainbat hornidura berrirekin. Horietaz gain, horien artean edo inguruan dauden orubeak aprobetxatzen ari dira etxebizitza berriak eraikitzeko.
1989an, herrian hondamendi natural bat gertatu zen. Euskadin uholde ikaragarriak gertatu ziren eta Salvatierra/Agurainen ere eragina izan zuten, baina zorionez ez zen kalte pertsonalik egon, materialak izan ziren arren. Hiribildua zeharkatzen duten ibaiek gainezka egin zuten eta San Martin eta Apategi izan ziren gunerik kaltetuenak altitude txikiena dutelako. Kalteak hainbat izan ziren, batez ere establezimendu komertzialetan eta garaje pribatuetan. Ezbehar horren oroigarri, San Martin auzoko horma batean lerro bat dago urak lortu zuen garaiera eta hondamendiaren data adieraziz.
